5 urteko zigorra ezarri diote gizon bati, emazteari modu jarraituan tratu txarrak eman eta sexu-erasoak egiteagatik
Epaiaren arabera, biktimak 2017an erasotzailearengandik banantzea erabaki zuenetik, hark etengabe egin zizkion mehatxuak eta sexu-erasoak.
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea, Sarrigurenen. Artxiboko irudia.
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak 5 urte eta 4 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio 38 urteko gizon bati, emazteari modu jarraituan tratu txarrak emateagatik eta sexu-erasoak egiteagatik, Iruñerrian.
Zehazki, tratu txarrengatik 5 hilabeteko kartzela ezarri diote; mehatxuak etengabe egitegatik, beste horrenbestekoa; eta modu jarraituan sexu-erasoak egiteagatik, 4 urte eta 6 hilabetekoa ezarri dio epaileak erasotzaileari.
Gizonezkoaren buru osasuneko arazoak eta eragindako kalteak arintzeko emandako urratsak aringarri gisa hartu ditu delitu guztietan magistratuak; auzibidea hasi zenean, 5.000 euroko kalteordaina eman zion biktimari.
Espetxe-zigorraz gain, 9 urte eta 5 hilabeteko urruntze agindua ere ezarri diote auzipetuari, eta espetxetik ateratakoan, zaintzapeko askatasuna izango du aldi baterako.
Halaber, denera, 10.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.
Epaiaren arabera, biktimak 2017an erasotzailearengandik banantzea erabaki zuenetik, hark etengabe egin zizkion mehatxuak eta sexu-erasoak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.