Espainiako sute handien bilakaera ona da, baina beste foku batzuk ari dira pizten Zamoran eta Leonen
Madrilgo sutea egonkortzea lortu dute, eta Avilako ebakuazioak eta konfinamenduak altxatu dituzte. Zamoran, 12 udalerri ebakuatu dituzte, eta bi konfinatu.
Madrilgo Erkidegoko, Avilako eta La Vall d'Uixóko (Castello) baso-suteek hobera egin dute, suhiltzaile-taldeen gaueko lanei esker. Hala ere, agintariek zuhur jokatzeko eskatu dute, gaurko iragarrita dagoen bero-bolada dela eta. Izan ere, penintsulako zati handi batean alerta laranja ezarri dute.
Baso-sute berri bat piztu da Fermosellen, Zamoran, eta Larritasun Potentzialeko Indizea (IGR) deklaratu dute, bigarren mailan. Hamabi udalerri hustu dituzte, eta bi konfinatu. Sua asteazken honetako 13:05ean piztu da, larritasun mailara igo dute ordu erdira. 14:00ak pasatxo zirenean, bigarren mailara igo dute, biztanleriarentzat eta basokoak ez diren ondasunentzat arrisku larria eragin dezakeelako.
Halaber, Leonen hamar bat sute piztu dira azken orduotan, eta horietako bi, arrisku maila handikoak. San Cipriano del Condado herriko sutea da kezka gehien eragiten ari dena, indar handiarekin ari delako zabaltzen. Dagoeneko, inguruko herrietako 332 herritar inguru ebakuatu dituzte.
Aurrerapausoak perimetroetan
Madrilgo Erkidegoan, gaueko meteorologiak eta larrialdi-zerbitzuen lanak ia 250 kilometroko perimetroa egonkortzea ahalbidetu dute. Gauean zehar ez da surik piztu, eta asteazken honetan puntu beroak hoztera eta eremua segurtatzera bideratuko dituzte ahaleginak, tenperaturek berriro gora egin baino lehen.
Castellon, La Vall d'Uixón piztutako suak bosgarren eguna du, eta dagoeneko 10.000 hektarea inguru erre ditu Espadà mendilerroan, 81 kilometroko perimetroa hartuta. Aireko baliabideak goizean goiz itzuli dira lanera, lurreko taldeek gauez egindako lanari esker foku gutxiago eta ahulagoak detektatu ondoren. La Vilavella, Betxi zein Ondan konfinamendua bertan behera utzi dute, baina 10.000 bat bizilagunek ebakuatuta jarraitzen dute.
Mugakide den Avilako probintzian —50.000 hektarea baino gehiago erre dira, Espainiako historiako suterik larriena—, kontrol- eta egonkortze-operazioek egoera hobetu dutela jakinarazi dute agintariek, eta hainbat udalerritako bizilagun batzuk etxera itzuli dira.
Bero-bolada datorrela eta, muturreko arriskua
AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak iragarrita dauka bero-bolada bat hastear dagoela. Tenperatura altuengatik abisu laranja edo horia ezarriko dute asteazken honetan Iberiar penintsularen zati handi batean, eta horrek itzaltze- zein kontrol-lanak zailduko ditu, bi eskualdeetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak