INDARKERIA MATXISTA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Getxon, kalean emakume bati sexu erasoa egiten harrapatu ostean

Erasoa 05:00etan jazo da, Algorta auzoan, San Inazio jaietan. 19 urteko biktima Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Algortako Mugimendu Feministak eraso matxista salatzeko bilkura egin du igande arratsaldean. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

20 urteko gizonezko bat atxilotu dute Getxon (Bizkaia), emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Eraso matxista Algorta auzoan jazo da, San Inazio jaietan. Biktima, 19 urtekoa, Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Getxoko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du gaurko, 18:00etan, Telletxen. 

Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, gertakariak bart izan dira, 05:00ak aldera. Gazte batzuek Ertzaintzaren patruila bat ohartarazi dute negarrez ari zen emakume bat ikusi baitute, gizon baten konpainian, kalean.

Agenteak bertaratu direnean gizona emakumeari besoetatik heltzen eta sexu erasoa egiten ikusi dute. Ertzainetako bat erasotzailea mendean hartzen saiatu da, eta gizona oldartu egin zaio. Azkenean, erasotzailea atxilotu eta ertzain etxera eraman dute. 

Ertzaintzak sexu askatasunaren aurkako delituen biktimentzako protokoloa aktibatu du, eta emakumea, 19 urtekoa, Gurutzetako Ospitalera eraman dute.

Gaitzespen bilkura

"Erasorik ez, erantzunik gabe" lelopean, Algortako Mugimendu Feministak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin du igande arratsaldean, Telletxe kalean.

Getxok erasoa deitoratu du

Getxoko Udalak ere gaitzespen oharra kaleratu du. Lau puntuko adierazpenean, Udalak "erabat baztertu eta gaitzetsi du generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexistek sortutako eraso guztiak". 

Biktimari elkartasuna adierazi eta laguntza eskaini dio, eta "berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egiten" jarraituko duela hitzeman du. 

Azkenik, dei egin die getxoztar guztiei emakumeen kontrako eraso guztien aurka egin dezaten eta emakumeak iraintzen dituzten eta eraso sexistak bultzatzen dituzten jarrerak onar ez ditzaten. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X