Bizkaiko Aldundiak zisterna kamioiak eramango ditu Karrantzara ur hornidura bermatzeko
Aurretik ere behin baino gehiagotan eraman behar izan dute edateko ura kamioietan Karrantzara. Artxiboko argazkia: EITB
Karrantzako Udalak eskatuta, abuztuaren 3tik aurrera ur hornidura bermatzeko zisterna kamioiak eramango ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Karrantzara. Azken asteetan, euri gutxi egin du, eta Enkarterriko udalerriaren erreserba erabilgarriak nabarmen murriztu dira. Edateko ura falta zitekeela-eta, laguntza eskatu zuen Udalak, eta gaur eman du erabakiaren berri foru erakundeak.
250 metro kubiko ur garraiatuko ditu egunean, astelehenetik ostiralera, Aldundiak ohar bidez zehaztu duenez. Oraingoz, hilabetez mantenduko dute premiazko neurria.
Ura zisterna kamioietan eramango dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren instalazioetatik Karrantzako Udalaren biltegietara. San Estebango biltegia izango da hornigaia jasotzeko puntu nagusia, eta, sistemaren premiak direla-eta behar bada, Ubalgo biltegia hornituko dute. Karrantzako Udalak erabakiko du une bakoitzean zertarako erabiliko den ura, erreserben egoeraren eta udalerria hornitzeko premien arabera.
Uda lehorra izaten ari da, eta udaberriko euriteen ondorioz urtegiak nahiko beteta izan baziren ere, hainbat udalerrik, Busturialdean eta Lea-Artibain (Bizkaia) eta Zuian (Araba), besteak beste, ur kontsumoa mugatzea gomendatu dute.