Txosnetan ez da kontzerturik egongo abuztuaren 5ean Gasteizen, 14an Donostian eta 26an Bilbon
Kontzertu horiek bertan behera geratu dira ikuskizunetako langileek deitutako grebaren ondorioz.
Soinu-teknikarien protesta, Bilbon.
Txosnetan abuztuaren 5ean Gasteizko jaietan, 14an Donostiako Aste Nagusian eta 26an Bilboko Aste Nagusian egitekoak ziren kontzertuak bertan behera utzi dituzte, Euskal Herriko ekitaldi eta ikuskizunetako langileek deitutako grebaren ondorioz.
ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek babestuta, protesta egun gehiago iragarri zituzten uztailaren 21ean, EAEko hiru hiriburuetako jaietarako.
Sektoreko "prekaritatea" salatu, lehen hitzarmen arautzailearen negoziazioa blokeatzea egotzi dioten patronala kritikatu eta lan baldintza "duinak" aldarrikatu nahi dituzte horrela. Protestak ondorioa izango du hiriburuetako jaietan; izan ere, hiru egunez bertan behera utzi dituzte txosnetan aurreikusita zeuden kontzertuak.
Beste eragileen babesa
Greba deialdiak Bilboko Arriaga plazan egindako agerraldi publiko batean aurkeztu zituzten. Ikuskizunetako langileekin batera izan ziren bertan Gasteizko Txosna Batzordeko, Donostiako Piratetako eta Bilboko Konpartsetako ordezkariak, langileen aldarrikapenak babesteko, sektorearen arazoak eta prekaritatea "bertatik bertara ezagutzen" dituztelako, patronalak ukatzen jarraitzen duen arren.
Txosnak antolatzen dituzten taldeek grebaren deitzaileei baieztatu dietenez, bertan behera utziko dituzte abuztuaren 5ean Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, 14an Donostiako Aste Nagusian eta 26an Bilboko Aste Nagusian egiteko aurreikusita zituzten kontzertuak.