Adin txikiko baten irudiarekin lagun bati estortsioa egiteagatik bi pertsona atxilotu dituzte Iruñean
Mehatxu eginez ia 50 mila euro lortu zituzten. Estortsioa jasan zuen gizasemeak berak aurkeztu zuen salaketa, eta horren ostean atxilotu dituzte 31 urteko gizona eta 29 urteko emakumea.
Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu ditu Iruñean, estortsio delitua egin dutelakoan. Ikerketaren arabera, gizon bati mehatxu egin zioten, ordaindu ezean adin txikiko bati sexu-harremanak izateagatik dirua eskaini ziola salatuko zutela esanez. Horrela, ia 50 mila euro lortu zituzten. Estortsioa jasan zuen gizasemeak berak aurkeztu zuen salaketa, eta horren ostean atxilotu dituzte 31 urteko gizona eta 29 urteko emakumea.
Ikerketa joan den uztailean hasi zen, biktimak berak salaketa jarri ondotik. Kaltetutako gizonak azaldu zuenez, mehatxuak eta telefono-deiak jasaten zituen etengabe, dirua eskatzeko. Atxilotuek presio psikologiko gogorra erabili zuten biktima ordainketak egitera behartzeko.
Muntaia landua
Atxilotuetako batek biktimarekin zuen adiskidetasun- eta konfiantza-harremana aprobetxatu zuen beldurrean eta presio psikologikoan oinarritutako muntaia prestatzeko, jakitun baitzen gizonak diru-gaitasun ona zuela. Hala, adin txikiko baten irudia erabili zuen eta bere neba zela esan zion, eta dirua eman ezean salatuko zuela mehatxu egin zion behin eta berriz.
Gainera, antzeko kasuen albisteak bidaltzen zizkion beldurra areagotzeko. Bigarren atxilotua, berriz, ordainketak eskudirutan zein transferentzia bidez jasotzeaz arduratzen zen.
Ikerketan zehar, Guardia Zibilak adin txikiko neska lokalizatu zuen, eta hark ukatu egin zuen biktimaren aldetik inolako proposamenik jaso izana. Gazteak azaldu zuenez, gainera, iruzurgileak diruarekin eroskeria egiten saiatu ziren muntaia babestuko zuen adierazpen faltsu bat egin zezan, baina uko egin zion eskaintzari.
Guztira, xantaia honek ia 50.000 euroko kaltea eragin zion ustezko biktimari eta bere bizimodua goitik behera irauli zuen. Telefono- eta banku-probak erabakigarriak izan dira egileak atxilotzeko, eta izapideak Lizarrako Instantzia Auzitegiaren esku daude dagoeneko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera