Ekaitz bortitz batek ia 90 litro utzi ditu metro koadroko hiru orduan Tarragonan
Suhiltzaileek 491 intzidentzia artatu dituzte denboraleagatik Katalunian, eta gorabehera handienak Tarragonan izan dira (434 jarduketa). Azken datuen arabera, 30 zauritu izan dira, eta horietatik lau erietxera eraman dituzte.
Kaleak eta errepideak urpean, autoak harrapatuta eta zuhaitzak erorita. Horixe da astelehen beltzak Tarragonan utzitako irudia; hiru orduan metro koadroko ia 90 litro utzi ditu ekaitzak, esaterako, Vinyols i els Arcs udalerrian.
Irudiak ikaragarriak dira. Euri erruz egin du, eta kazabarra ere bai. Generalitateko Suhiltzaileek 491 intzidentzia artatu behar izan dituzte Katalunia osoan. Eragin handiena Tarragonako probintzian izan da; 434 jarduketa egin dituzte sotoetara eta beheko solairuetara ura sartu baita, errepideetako uholdeei aurre egiteko eta eroritako zuhaitz zein adarrak kentzeko. Bestalde, 30 pertsona artatu dituzte ekaitzarekin lotutako gertakariengatik; horietatik lau erietxera eraman dituzte, baina ez daude larri.
Tarragona hiriburua izan da ur-jasa indartsuenak jasan dituen guneetako bat. Hiriko hainbat txoko urperatu egin dira eta argindarra ere eten egin da zenbait tokitan, eta milaka pertsona hornidurarik gabe izan dira. Astearte goizean zehar normaltasuna itzultzen ari dira inguru horietan.
Errepideak urpean eta Rodaliesen lineak moztuta
Mugikortasunean ere eragina izan dute euri-jasek; izan ere, trenbideetako zirkulazioa bertan behera utzi behar izan dute. Hala ere, Rodaliesek bidea zabaltzea lortu du gaur goizeko lehen orduan (bide bakarretik bada ere) R14, R16 eta RT1 lineetan, eta Tarragona, Reus eta Cambrils arteko lotura pixkanaka ezartzea erdietsi du. Minutu batzuk geroago, Tarragona eta Port Aventura lotzen dituzten R17 eta RT2 lineen zati bat ere partzialki ireki dute.
Ekaitz bolada hau abuztuaren 22ko (larunbata) denboralea izan eta 48 ordu eskasera iritsi da. Orduko hartan, Tarragonès eta Baix Penedès eskualdeetako euri jasen ondorioz kaleak, errepideak eta kanpinak urperatu ziren. Lehen horrek hamaika zauritu utzi zituen —bi, larri—, ehunka pertsona etxetik aterarazi zituzten eta mozketa handiak eragin zituen errepide zein trenbideetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera
Gizon baten gorpua aurkitu dute Olivako landa-gune batean, Valentzian