Osasun Publikoak esku hartu du Eibarko taberna batean, tortillen kontsumoarekin lotutako salmonellosi-agerraldi baten aurrean
Detektatutako 29 kasuetatik 25ek osasun-arreta behar izan zuten, eta bederatzi ospitaleratu egin zituzten. Guztiek jaso dute alta. Kutsatutako arrautzak Aragoiko ustiategi batekoak dira.
Euskadiko Osasun Publikoak salmonelosi agerraldi bat baieztatu du astearte honetan Eibarren (Gipuzkoa), eta horren jatorria udalerriko establezimendu batean abuztuaren 9an kontsumitutako tortilla batzuetan omen dago.
Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Osasun Publikoak bi zehapen-espediente jarri ditu martxan, bai arrautzak manipulatu zituen establezimenduari, bai enpresa banatzaileari.
Enpresa horri, "trazabilitatean eta merkataritza-dokumentazioan antzemandako akatsen ondorioz", kautelaz, elikagaiak banatzeko eta merkaturatzeko jarduerarekin jarraitzea debekatu zaio, trazabilitaterako eta produktuak erretiratzeko sistema osoa eta eraginkorra duela egiaztatu arte.
29 kasu detektatu dituzte
Osasun Sailak azaldu duenez, abuztuaren 11n Osakidetzak salmonellosi-agerraldiaren susmoaren berri eman ondoren, 29 kasu identifikatu dituzte. Horietatik 21 proba mikrobiologikoen bidez baieztatu dira, eta 8 posibletzat jo dituzte.
Kaltetutakoetatik 25ek osasun-arreta behar izan zuten eta 9 ospitaleratu egin zituzten, baina guztiak alta emanda daude jada.
Zehaztu duenez, hilaren 11tik 12ra bitartean, Osasun Publikoak establezimenduan zeuden tortillen eta arrautzen laginak hartu zituen. Lehenengoak erretiratu eta suntsitu egin zituzten, kautelaz, dagozkien analisiak egin bitartean.
Era berean, elikagaiak elaboratzeko, kontserbatzeko eta manipulatzeko baldintzak ikuskatu zituzten. Ikerketak arrautzen trazabilitatearekin, tresnen garbiketa eta desinfekzioarekin, tortillak giro-tenperaturan kontserbatzearekin eta kutsadura gurutzatuen prebentzioarekin lotutako gabeziak antzeman zituen.
"Lortutako datuak ikusita, abuztuaren 9an kontsumitutako tortillek dute agerraldiarekin zerikusia izateko aukera handiena. Gertakaria eragin zezaketen faktoreen artean daude tratamendu termiko eskasa, hoztu gabeko tortillen kontserbazioa eta elaborazioan zehar gerta litezkeen kutsadura gurutzatuak", zehaztu du Osasun Publikoak.
Hori dela eta, establezimenduak jarraibideak jaso ditu arrautza manipulatzean higiene-praktikak hobetzeko, elaborazioen artean tresnak garbitzeko eta desinfektatzeko, eta tortillen tratamendu termiko egokia bermatzeko, kontsumitu arte hoztuta mantentzeko eta arrautza gordinaren eta kontsumitzeko prest dauden elikagaien arteko kontaktua saihesteko.
Horrekin batera, Osasun Publikoak egoeraren berri eman die Aragoiko osasun-agintariei, erkidego horretan kokatutako enpresa bateko arrautzak erabili baitzituen aipatutako lokalak.