INDARKERIA MATXISTA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Zizur Nagusiko jaietan neska adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik

Udaltzaingoak gizona atxilotu zuen, eta Foruzaingoak bere gain hartu du ikerketa. Asteartean elkarretaratzea egingo dute herrian.

Zizur Nagusiko jaietako Eraso Matxisten aurkako Mahaiak salatu du gizonezko batek sexu erasoa egin diola neskato bati; ukituak, egin dizkio, hain zuzen. Erasoa larunbatetik iganderako goizaldean gertatu zen, herriko jaien testuinguruan.

Orain-ek jakin duenez, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen gertakari horiekin lotuta, eta Foruzaingoak hartu du bere gain gertatutakoari buruzko ikerketa.

Jaietako Eraso Matxisten aurkako Mahaiak "erabateko gaitzespena" adierazi du "indarkeria matxista mota ororen aurrean". "Jaiek eta aisialdirako espazioek espazio seguruak izan behar dute, pertsona guztiek askatasunez eta inolako indarkeriarik jasateko beldurrik gabe gozatu eta erlazionatu ahal izateko", azpimarratu du.

Era berean, "elkartasuna eta babesa" adierazi dizkie "adingabeari eta haren inguruari", eta "une oro haren intimitatea errespetatu eta berriro biktimizatzea eragin dezakeen edozein ekintza" saihesteko beharra azpimarratu du.

Gertatutakoaren gaitzespen kolektiboa adierazteko, Mahaiak elkarretaratzea deitu du irailaren 1erako (asteartea), 19:30ean, Erreniega parkean, Zizur Nagusiko Kultur Etxearen ondoan.

Jaietako Eraso Matxisten aurkako Mahaia Zizur Nagusiko Udalak eta herriko talde feministek osatzen dute, zehazki, Mujeres Libres, Zizurko Talde Feminista eta Emakume Zizurtarrak elkarteek.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X