Esako urtegian aurkitutako gizon zatikatuaren hilketaren ustezko egilea espetxeratu dute
Biktimaren eta susmagarriaren etxebizitzan aurkitutako ebidentziek, segurtasun-kamerek hartutako irudien analisiarekin batera, krimenaren kronologia ezartzea eta susmagarri nagusia atxilotzea ahalbidetu dute.
Guardia Zibilak, Foruzaingoarekin koordinatuta, gizon bat atxilotu zuen asteartean, beste gizon baten hilketaren ustezko egile nagusia delakoan. Hildakoaren gorpuzkiak abuztuaren 4an aurkitu zituzten Esako urtegian, Nafarroa eta Zaragoza artean. Epaileak jarduketen sekretua kendu du, eta gertakarien kronologia ezagutzera eman dute.
Gorpuzkiak aurkitu ostean, Guardia Zibilak bilaketa-operatiboa jarri zuen abian, GEAS, Unitate Zinologiko eta Droneen Unitateko espezialisten laguntzarekin.
Desagertutako pertsonen datu-baseak kointzidentziarik eman ez bazuen ere, urtegia Frantziatik gertu zegoenez eta hildakoaren besaurrean Frantziako Legioaren tatuaje bat zegoenez, herritar frantsesa izan zitekeela susmatu zuten.
Abuztuaren 7an, Beriaingo Udaltzaingoak biktimaren txakurra aurkitu zuen Moreako aintziran, eta, mikrotxipari esker, haren jabearen bikotekide ohiarekin jarri ziren harremanetan. Hark biharamunean salatu zuen gizonaren desagerpena.
Biktimaren etxebizitzan, Iruñean, egindako miaketak hainbat froga biltzeko aukera eman zien ikertzaileei, eta, azkenik, irailaren 8an, ustezko egilea atxilotu zuten Iruñean bertan, txakurrak paseatzera atera zenean.
Ejea de los Caballeros Zaragozako udalerriko Lehen Auzialdiko Arlo Zibileko eta Instrukzioko 1. Aretoko epaile titularrak (horrek zuzendu du ikerketa) ostegunean hartu zuen atxilotua, eta behin-behineko espetxealdia agindu zuen, fidantzarik gabe.
Zeintzuk dira ikerketaren gako nagusiak?
Biktimak eta ustezko egileak etxebizitza partekatzen zuten Iruñeko Arrosadia auzoan, azken horrek gela bat alokatu baitzion hildakoari. Biek salaketak jarri zizkioten elkarri, bizikidetza-arazoengatik. Etxean bost txakur ere bizi ziren: lau ustezko egilearenak ziren, eta azkena, berriz, biktimarena.
Etxebizitza miatuta, ikertzaileek duela gutxi garbitu izanaren zantzuak aurkitu zituzten, batez ere bainugelan. Horrez gain, lixiba-ontzi batzuk eta bat-batean deskonektatutako segurtasun-kamerak ere aurkitu zituzten.
Era berean, odol tanta txikiak aurkitu zituzten oso ohikoak ez diren lekuetan, eta horien laginak Guardia Zibilaren Kriminalistika Zerbitzura (SECRIM) bidali zituzten. Analisiaren arabera, Esako urtegian aurkitutako gorpuzkien profil genetiko berari zegozkion.
Zer mugimendu egin zituen ustezko hiltzaileak aurretik?
Kameren eta beste froga batzuen azterketak, auzitegiko medikuek ezarritako heriotzaren datarekin batera —aurkikuntza egin baino 72 ordu lehenago—, aukera eman zuen zehazteko biktima abuztuaren 1ean, larunbatean, atera zela txakurrarekin paseatzera, eta ez zela berriro bere kabuz etxetik atera.
Era berean, egiaztatu zuten ustezko egilea biharamunetik, abuztuaren 2tik, urtegiaren inguruan egon zela, eta aurretik hainbat fardel eraman zituela Iruñeko etxebizitzatik kalean aparkatuta zuen ibilgailura. Hori dela eta, adituek laginak hartu zituzten ibilgailuan ere, aztertzeko.
Gainera, krimena gertatu baino egun batzuk lehenago, etxebizitzatik gertu dagoen supermerkatu batean sablezko zerra bat erosi zutela jakin zuten. Auzitegiko medikuek zehaztu zutenez, gorpuzkietan egindako ebakiak baliteke horrelako tresna batekin egin izana, baina zerra ez dute aurkitu.
Azkenik, ustezko egilearen telefonoaren analisiak agerian utzi zuen hainbat bilaketa egin zirela Interneten, hala nola haragiaren ebakidurarekin lotutako bilaketak, tresna ebakitzaileak, bridak erabiliz itotzea eta Daniel Sancho eta Edwin Arrieta protagonista zituen Thailandiako krimenaren ingurukoak. Ikertutako krimena gertatu baino egun batzuk lehenago, gainera, telebista-kate batek azken kasu horri buruzko dokumental bat eman zuen.