Hezkuntza Saila arratsaldean bilduko da ebaluaziorako aditu taldearekin PISA txostenaren emaitzak aztertzeko
Begoña Pedrosa sailburuak gidatuko du gaurko bilera, eta hezkuntza-sistemaren gabeziak aztertzeko balioko du, besteak beste. Hausnarketa horiek guztiak bihar BECen bilduko diren 900 ikastetxeetako ordezkariei helaraziko dizkiete, elkarrekin aurrera pausoak emateko.
PISA txostenean Euskal Herriko ikasleek izandako emaitza txarrez kezkaturik, Hezkuntza Sailak premiazko deialdia egin du gaur arratsalderako Bilbon, Adituen Foroarekin biltzeko. Begoña Pedrosa sailburuak gidatuko du bilera eta helburua da atzerakada hori aztertzea, horiek bideratzeko neurriak ikasgeletara eraman aurretik.
Txosten horrek 90 herrialdetako 15-16 urteko ikasleen errendimendu akademikoa ebaluatzen du, eta azken argitalpenak agerian utzi du Euskadik eta Nafarroak berriz ere behera egin dutela nabarmen zientzian, matematikan eta irakurketan duten gaitasunean. Hala, Espainiako Estatuaren atzetik eta Europako batez bestekoaren oso atzetik kokatu dira.
Atzerakada horren aurrean, sailburuak berak argi eta garbi onartu du lortutako datuak txarrak direla, eta azpimarratu du horiek hobetzea dela bere lehentasuna orain.
Gaur egingo duten bilera teknikoak sistemaren gabeziak sakon aztertzeko balioko duela adierazi dute Hezkuntza Sailetik. Bertan bildutako ondorioak, berriz, bihar bertan BECen egingo den hitzorduan helaraziko zaizkie 900 ikastetxe publiko eta itunpekoetako zuzendariei, “Hezkuntza-ebaluazioa eta sistemaren hobekuntza" jardunaldien baitan.
Nortzuk osatzen dute Adituen Foroa?
Adituen Foroa hezkuntza-ikerketan, ebaluazioan, unibertsitatean, berrikuntzan eta irakaskuntza-praktikan esperientzia duten profesionalek osatzen dute. Bere helburua da nazioarteko ebidentzien azterketan ikuspegi teknikoak txertatzea eta sistemarentzat lehentasunezkoak diren hobekuntza-esparruak identifikatzea.