Salbuespenezko egoera deklaratu du berriro Bizkaiak, inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak hartzeko
Neurri horri esker, aldi baterako egoitza-baliabideak gaitu ahal izango dira, lurraldera iristen diren adingabeen arreta bermatzeko eta lehendik tenkatuta dagoen sarea arintzeko.
Inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen harrera-sarea salbuespen egoeran deklaratzea onartu du ostegun honetan Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak.
Neurri horri esker, aldi baterako egoitza-baliabideak gaitu ahal izango dira, lurraldera iristen diren adingabeen arreta bermatzeko eta lehendik tenkatuta dagoen sarea arintzeko.
Adierazpen hori gizarte-babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza-harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarriari esker egin da.
Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "sarearen egungo okupazio-egoerari erantzuten dio erabakiak". Irailaren 8an, Bizkaiko 17 harrera-baliabideek "inoren kargura ez dauden 594 adingabe migratzaile artatzen zituzten, sareko 406 plaza arrunten aurrean ". Egoera horrek egoitza-baliabideen gehiegizko okupazioa eragiten du berriz ere.
Aldundiak azaldu duenez, aurreko salbuespen-adierazpenak, 2024ko azaroan onetsitakoak, aukera eman zuen ezohiko neurriak hartzeko, harrera-gaitasuna beharren bilakaerara egokitzeko. Horri esker, pixkanaka-pixkanaka murriztu ahal izan zen gainokupazioa, eta okupazio-mailak aurreikusitako ahalmenera hurbildu ziren, Bizkaian inoren kargura ez zegoen haur migratzailerik kalean ger ez zitezen.