CAFen Beasaingo plantako komun batean kamera bat aurkitu dute eta langile batek bere burua erruduntzat jo du
Enpresa Batzordeak gertatutakoa salatu du eta "elkartasun osoa" adierazi die "eraso hau jasan ahal izan duten pertsona guztiei". Ertzaintzak ikerketa zabaldu du.
CAFek Beasainen duen lantegiko komun batean ezkutuko kamera bat aurkitu dute eta langile batek bere burua erruduntzat jo du. Hala jakinarazi du lantegi horretako Enpresa Batzordeak, gaur zabaldutako ohar batean.
Bertan kontatzen denez, joan den irailaren 4an Zuzendaritzak premiazko bilera batera deitu zituen sindikatuetako ordezkariak, eta hitzordu horretan, Giza Baliabideetako arduradunek jakinarazi zieten ezkutuko kamera aurkitu zutela lantegiko komun batean. Ertzaintzan salaketa jarrita zegoela eta komunaren ohiko erabiltzaileei jakinarazpena igorri zietela ere azaldu zieten.
Handik hiru egunera, irailaren 7an, beste bilera batera deitu zuten Enpresa Batzordea, gaiaren jarraipena egiteko, eta orduan adierazi zien Zuzendaritzak langile batek bere burua erruduntzat jo zuela eta baja hartu zuela.
Idatziak dio informazio hori guztia konfidentzialtasun klausulapean jaso zutela, eta horregatik, ezin izan dutela gertatutakoaren berri eman orain arte.
"Elkartasun osoa" biktimei
Enpresa Batzordeak "elkartasun osoa" adierazi die "eraso hau jasan ahal izan duten pertsona guztiei", eta lantokiek "gune seguruak" izatea eskatu du. "Sexu-ildoko edozein eraso onartezina da, eta ez dugu mota honetako jokabiderik onartuko CAFeko instalazioetan", idatzi dute adierazpenean.
Amaitzeko, langileen ordezkariek gogoratu dute CAFek baduela sexu-jazarpenaren aurkako protokolo zehatz bat, eta edozein langilek gisa honetako egoera pairatuko balu, Enpresa Batzordearekin harremanetan jartzeko deia luzatu dute.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da eta auzibidea zabalik dago.