"Tribuaren Berbak" saioa bueltan da
Denboraldi honetan, 8 saio grabatuko dira, eta lehen atalaren gaia eta izenburua Madrilgo euskaltzaleak izango da. Estreinaldia, 22:15ean, ETB1en.
Karlos Cid madrildar peto-petoa da. Baita bere gurasoak eta lau aitona-amonetatik hiru. Laugarrena, berriz, sestaoarra. Eta aititaren maitasunagatik hasi zela euskara ikasten kontatu digu. Aititek ez zuen euskaraz egiten, eta hark esan zion “ea zuk ikasten duzun”. Autoikaskuntzarako liburu bat erosi, eta horrelaxe hasi zen. 40 urte daramatza Madrilen euskara irakasten. Txekieratik euskarara itzulpenak egiten ditu, eta “Korrika Txulapoa” ere antolatzen du.
Almudena Miragaya madrildar basozaina da. Gaztetan euskaldun bat ezagutu, eta Gasteizko jaietara etorrita, bertako giro eta kultura ezagutu zituen. Honen ondorioz hasi zen euskara ikasten Madrilen. Bere ikasketak direla medio, Euskal Herriko Artzain Eskolara etorri zen, eta bertan eman zituen 3 urte, Madrilera bueltatu zen arte. Gaur egun ere hitz egiten du euskaraz, eta euskal abestiak kantatzea asko gustatzen zaio.
Hizkuntza politiketan eragin beharreko estrategia aldaketen artean garrantzi berezia hartu du Europar Batasunean euskara ofiziala izateko eskaerak. Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako ministroarekin aritu da Kike gaiaz, eta argibide interesgarriak eskaini dizkio euskarak, katalanak eta galizierak Europan ofizial izateko dauden aukeren inguruan. Elkarrizketaren amaieran, esaldi esanguratsua bota du euskaraz: “Euskara Europan ofiziala izango da”.
“Nazionalismo edo españolismo linguistikoaz” eta “Inperialismo linguistiko panhispanikoaz” hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak. Kritiko da hizkuntza batek beste hizkuntzen gainetik egon behar duela esaten dutenekin, eta ideologia hori Espainiako botere politiko, sozial eta ekonomikoaren ondorio bat dela dio. Horregatik, bere argitalpenetan ideologia horren kritika egiten du.
Euskal Herritik kanpo, mila ikasle inguru ari dira euskara ikasten Espainiako Estatuan, gehienak Hizkuntza Eskola Ofizialetan, euskal etxeetan edo unibertsitateetan.
Errukine Olaziregi euskara irakaslea da Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizialean. Madrildarrek euskara zergatik ikasten duten aztertu du, eta euskara ikasleen kopurua ikaragarri hazi dela dio. 2018an 60 ikasle izatetik aurten 180 pertsona matrikulatzera pasatu dira bertan. Ikasle horietako batzuekin ere egon gara, horretara bultzatu dituzten motibazioen inguruan galdetzeko.
lparragirrek Gernikako Arbola Euskal Herritik kanpo abestu zuen lehenengoz, Madrilen. Eta zein lekutan izan zen ezagutu dugu. Gernikako Arbolaren kimu bat ere badago Madrilen, eta hori ere bisitatu dugu.
Kaleetan barrena, madrildarrek euskararen inguruan zer dakiten jaso dugu, eta Madrilen euskararen inguruko hainbat bitxikeria ere ezagutu ditugu; esate baterako, Lope de Vegak idatzitako euskarazko bertsoa.
Hori guztia eta gehiago, “Tribuaren Berbak” saioaren denboraldi berriaren estreinaldian. Urriaren 4an, 22:15ean, ETB1en.