Bi adingabe dituen familia bat etxegabetu dute Gasteizen
Gasteizen gertatutako azken bi etxegabetzeak salatzeko eta etxebizitza eskubide bermatua izan dadin, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak elkarretaratzea deitu du astearterako, 19:00etatik aurrera, Andre Maria Zuriaren plazan.
Bi adingabe dituen familia bat etxetik bota dute gaur Gasteizen, Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak salatu duenez.
Talde horrek ohar baten bidez adierazi du etxegabetu dituztenek ez dutela beste bizitokirik.
Gainera, azpimarratu du ez dela "egoera isolatua", joan den ostiralean "antzeko zerbait" gertatu baitzen Arabako hiriburuan.
"PSOEk bere burua etxebizitzaren aferari irtenbidea emateko konponbide gisa saltzen duen bitartean, familia asko etxe gabe ari dira geratzen egunero", kritikatu dute.
Horiek horrela, Gasteizen gertatutako azken bi etxegabetzeak salatzeko eta etxebizitza eskubide bermatua izan dadin, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak elkarretaratzea deitu du astearterako, 19:00etatik aurrera, Andre Maria Zuriaren plazan.