Bost pertsona atxilotu dituzte Gasteizen 015 gazte talde bortitzarekin lotura dutelakoan
Guardia Zibilak delitu hauek egotzi dizkie atxilotuei, besteak beste: talde kriminaleko kide izatea, lapurretak indarkeriaz egintea, droga-trafikoa eta armak legez kanpo edukitzea.
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Gasteizen, 015 gazte talde biolentoko kide direlakoan, eta hainbat delitu egotzi dizkiete. Hiru miaketa egin dira; bi, ustezko kide nabarmenen etxeetan, eta beste bat, trasteleku batean. Agenteek hainbat material konfiskatu dute, aztertzeko.
Ikerketaren arabera, 015 taldea Arabako hiriburuan sortu zen, Blood eta Trinitarios gazte erakunde bortitzak imitatzeko. Guardia Zibilak aurretik Araban desegin zuen talde hori. Taldeko kideek beste talde horien egitura eta funtzionamendua erreproduzitu zuten.
Bost atxilotuei honako delitu hauek egozten zaizkie: talde kriminaleko kide izatea, lapurreta indarkeriaz eta larderiaz egintea, osasun publikoaren aurkako delitua, indarkeriaz eta larderiaz lapurreta egiteko konspiratzea eta armak legez kanpo edukitzea.
Gazteen indarkeria-taldeen aurrekariak Araban
2021etik 2025era bitartean, Guardia Zibilak indarkeria erabiltzen zuten bi gazte talde desegin zituen Araban, eta Estatuko beste toki batzuetan ere presentzia zuten. Lehen esku-hartzeari esker, 2021ean, horrelako erakunde bat Gasteizen finkatu zela detektatu zen.
Erakunde horiek egitura zehatzak, portaera-arauak, barne-diziplina eta hainbat mailatako hierarkia dituzte. Guardia Zibilaren arabera, lurralde-kontrola handitzeko asmoari erantzuten dio hedatzeak, eta, horrekin batera, delituak egiteko duten botereari eta gaitasunari.
Identifikatzeko moduen artean, kolore eta sinbolo propioak, tatuajeak, zintzilikarioak, eskuekin egindako keinuak eta kontrolpean dituzten eremuak markatzeko grafitiak daude. Sare sozialak ere erabiltzen dituzte beren estetika erakusteko, armak eta erasoak ikusgarri jartzeko, aurkariei zuzendutako edukiak zabaltzeko eta kide berriak erakartzeko.
Indarkeria eta adingabeak erakartzea
Guardia Zibilak ohartarazi duenaren arabera, talde horiek indarkeria erabiltzen dute eta adingabeak erakartzen dituzte delituak egiteko, erantzukizun penal txikiagoa dutela aprobetxatuz. Talde horiek alarma soziala sortzen dute ezartzen diren auzo eta herrietan.
Zabalganako bizilagunak gogaituta eta beldurtuta daude. Lapurretak, zikinkeria, eta jarrera bortitzak salatzen dituzte.