Gerra Zibila piztu da Frantziako eskuinaren baitan
Frantziako eskuina lehertzeko zorian dago. Herri Mugimendu baten aldeko Batasuna deritzana, duela urtebete eskas Parlamentuan gehiengoa zuen alderdia eta Nicolas Sarkozy agintean zuena, benetako gerra zibil batean murgilduta dago. Ez da baztertzen alderdia bitan zatitzea ere.
Horren arrazoia duela 10 bat egun alderdian egin ziren barne hauteskundeak dira. UMPko kideek Sarkozyren ordezkoa aukeratu behar zuten. Bi hautagai ziren lehian: Jean Francois Copé Alderdiaren idazkari nagusi izandakoa, “konplexurik gabeko eskuinaren” bozeramailea dena berak dioen moduan, edo Francois Fillon lehen ministro ohia, azken hau zentristagoa.
Bozketa oso estua izan zen eta biek jo zuten euren burua irabazletzat, azkenean, ordea, alderdiaren barne organoek erabaki zuten Copé izan zela garailea, mila boto eskaseko aldearekin.
Fillonek dio, ordea, emaitzak manipulatu egin dituztela eta epaitegietara joko duela. Bata besteari egiten dizkioten salaketak oso gogorrak dira, ez dirudi alderdikideak direnik, arerioak baizik. Sarkozy bera ere bitartekaritza lanak egiten saiatu da biekin hitz eginez, baina ez diote jaramonik egin.
Agian porrot horrek mesede egingo dio Sarkozyri. Bada, 2017ko hauteskundeetarako Sarkozyk itzultzeko asmoa duela uste duenik. Hori horrela bada, komeni zaio Frantziako eskuinak beste liderrik ez izatea.