Munduko buruzagi nagusien erreakzioa, Chavezen heriotzaren aurrean
Mundu osotik iritsi dira elkartasun mezuak, eta Hugo Chavez Venezuelako presidenteak egindako lanaren errekonozimendua izan da nagusi mundu osoko agintarien artean.
Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak, Evo Morales Boliviakoak, Cristina Fernandez Argentinakoak, Jose Mujica Uruguaikoak eta Ollanta Humala Perukoak iragarri dutenez, Caracasera joango dira datozen orduetan Chavezen hileta-elizkizunetan parte hartzera, eta hainbat herrialdek dolu egunak ezarri dituzte.
Venezuelako Gobernuak "zazpi eguneko dolu ofiziala" deitu du Hugo Chavezen heriotzagatik. Hugo Chavezen gorpua Akademia Militarrera eramango dute, bertan egingo baitute estatu ekitaldi ofiziala.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak doluminak eskaini dizkie Venezuelako errepublikako presidentearen senideei, izan ere, "Venezuelako historia garaikideko pertsona eraginkorrenetako bat desagertu da".
François Hollande Frantziako presidente sozialistak azpimarratu duenez, Hugo Chavez agintari polemikoa bazen ere, Venezuelako estatuburuak "justiziaren eta garapenaren aldeko borondatea" erakutsi zuen.
Espainiako Gobernuak "aldebiko harremanak indartzeko lanean jarraitzeko" borondatea erakutsi du.
Barack Obama AEBetako presidenteak bat egin du elkartasun mezuekin, eta "AEBen babesa" helarazi dio "Venezuelako herriari". Gainera, "interesa" agertu du "Venezuelarekin harreman eraikitzailea garatzeko".
Kubako Gobernuak, Chavezi uhartean lau ebakuntza egiteko laguntza osoa eman zionak, hiru eguneko dolua ezarri du, eta "betiko leialtasuna" agertu dio haren memoriari eta iraultza bolivartarrari.
"Chavez ere kubatarra da. Bere azalean sentitu zituen gure zailtasunak eta arazoak, eta ahal izan zuen guztia egin zuen, eskuzabaltasun osoz. Fidelen laguntzailea izan zen, semea bailitzan, eta oso harreman ona izan zuen", adierazi du.
Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak ere hiru eguneko dolua ezarri du "lagun maitearen" heriotzagatik. Latinoamerikako iraultzen inspirazioa izaten jarraituko duela azpimarratu du.
Daniel Ortega Nikaraguako presidentea izan zen Chavezen beste aliatu nagusietako bat, eta omenaldia eskaini dio Chavezi eta haren memoriari. Latinoamerikaren eta Karibearen arteko batasunaren alde "borroka egiten" jarraitzeko konpromisoa agertu du Ortegak.
Palestinako Nazioarteko Harremanetarako buruak ere doluminak helarazi dizkio Venezuelako herriari, "lagun leiala" izandako buruzagiaren heriotzagatik. "Palestinak agur esan dio gure askatasunaren eta autodeterminazio eskubidearen defentsan lagun leiala izan zenari. Bere laguntzak ez zuen mugarik eta mundu arabiarraren bihotzetara iristea lortu zuen", adierazi du Nabil Shaatek.
Errusiatik, Vladimir Putin presidentea ere atsekabetuta agertu da eta Hugo Chavez "aparteko buruzagia" eta "Errusiaren lagun mina" izan zela esan du.
Carl Bildt Suediako Atzerri ministraok Hugo Chavezen "karisma eta indarra" goraipatu ditu, baina "bere politiken ondorioz Venezuela baztertuta" geratu zela eta "ondorio ekonomiko larriak pairatu" zituela gaitzetsi du.
"Hugo Chavezen heriotzak aldaketa handia eragingo du Venezuelan. Bat egiten dugu Chavezen familiaren atsekabearekin eta Venezuelako herriaren doluarekin", adierazi du Alemaniako Atzerri Gaietarako Ministerioak ohar batean.
Mahmud Ahmadineyad Irango presidente eta Venezuelaren aliatu handiak ere atsekabea agertu du kide venezuelarraren heriotzagatik, eta "borrokalari guztien sinbolo bat" hil dela azpimarratu du.
Txinako Gobernuak ere mezua helarazi dio Venezuelari estatuburu hegoamerikarraren heriotzagatik, "Venezuelaren buruzagi handia eta Txinako herriaren laguna" zelako.
Asian jarraituta, Manmoham Singh Indiako lehen ministroak "justizia sozialaren alde" lan egin zuen "buruzagi karismaduna" zela goraipatu du.
"Hugo Chavezek gurekin partekatu zuen ametsa betetzea da Venezuelako presidenteari egin diezaiokegun omenaldi handiena: gatazka amaitzeko akordioa lortzea eta Kolonbiara bakea ekartzea", adierazi du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, Gobernuaren eta FARCen arteko negoziazioei erreferentzia eginez; izan ere, Chavezek babes osoa agertu zien elkarrizketa horiei.
Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC), bestalde, honakoa adierazi dute: "Beldurra eragiten digu albiste txar honek, baina horrek ez digu galarazten Venezuelako herria jotzen ari den minarekin bat egitea".
Mexikon, Enrique Peña Nieto presidenteak "dolumin sentikorrenak" helarazi dizkio Chavezen familiari eta Venezuelako herriari.
Mauricio Funes salvadortarrak azaldu duenez, "Venezuelak ez du presidentea bakarrik galdu, patriota bat galdu du, pentsalari eta iraultzaile bat".
"Desadostasunak genituen, ezbairik gabe, baina beti hartu dut aintzat Chavezek bere ideien aldeko borrokan erakutsi dituen indarra eta konpromisoa. Latinoamerikaren batasunarekin konpromiso handia zuen gizon bat zen", adierazi du, bestalde, Sebastian Piñera Txileko estatuburuak.
Gainera, Laura Chincilla Costa Ricako presidenteak honakoa adierazi du: "Venezuelako herriak nahikoa indar izan zezan lan egin genuen. Gailen dadila egoera zailotan batasun nazionalaren sentimendua".
Otto Perez Molina Guatemalako agintari nagusiak ere Chavez ez zela presidente bat besterik izan azpimarratu du. Perez Molinaren esanetan, "mundu mailako buruzagia" izan zen; izan ere, "polemika piztu zuen, kontraesanak sortu zituen eta kritiko agertu zen AEBekin".
Dominikar Errepublikaren "lagun eskuzabala eta maitekorra" izan zela goraipatu du, berriz, Danilo Medina bertako agintariak.
Honduraseko Gobernuak adierazi du Chavez "aparteko buruzagia" izan zela, "Latinoamerikako herrien batasunaren alde borroka" egin zuela eta horren ondarea jasoko dutela "oraingo eta ondorengo belaunaldiek".
Haitin ere oroitu dira Chavezekin, eta Michel Martellyk gogorarazi du Venezuelako presidenteak "beti" helarazi ziola "elkartasuna Haitiko herriari, une zailenetan batez ere", eta "garapen iraunkorraren aldeko proiektu handiak aurrera eramateko" laguntza eman zuela.
Ipar Amerikatik, Stephen Harper Kanadako lehen ministroak ere doluminak bidali ditu Venezuelako herriarentzat, Hugo Chavezen heriotza dela eta.
Europar Batasuna "triste" agertu da Chavez hil delako, eta buruzagi venezuelarrak "garapen sozialaren" eta "Hegoamerikaren batasunaren" alde egindako lana goraipatu du.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak ere dolua agertu die Chavezen familiari, herritarrei eta Gobernuari.
"Min handiko unea da venezuelarrentzat, eta elkartasuna adierazten diegu inguruko herrialde guztiekin batera", adierazi du Jose Miguel Insulza Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak.
Human Rights Watch erakundeak, ordea, ez ditu hitz politak eduki Chavezentzat, eta "autoritarioa" izatea eta oinarrizko giza eskubideen aldarrikapenei "entzungor" egitea leporatu dio.
Jimmy Carter AEBetako presidente ohiak, berriz, Chavezek Venezuelaren bizi-baldintzekin erakutsi zuen "konpromisoa" eta "bere herrialdean aldaketa sakonak" egiteko izandako jarrera goraipatu ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Iranek Ormuzko itsasartea itxi du, Israelek Libano hegoaldean egindako erasoengatik
Ekialde Hurbileko gerrari amaiera emateko ituna urratzea egotzi dio AEBri, baita Israelek Libanoko hegoaldean behin eta berriz su-etena urratu izanaren erantzukizuna ere. Abbas Araghtxi Irango Atzerri Gaietarako ministroa Suitzara joan da gaur, AEBri bake memoranduma bete dezala eskatzeko.
Inoizko hauteskunde polarizatuenen bigarren itzulia egingo dute igandean Kolonbian
Hauteskunde aurreko aurreikuspenen arabera, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak botoen % 50 inguru lor ditzake eta Ivan Cepeda ofizialistak, berriz, botoen % 44. Ikusteko dago iragarpenek asmatzen duten ala ez.
Israelek eta Hezbollah miliziak su-etena adostu dute, Israelgo hainbat hedabideren arabera
Hala ere, oraingoz, egoerak ez du baretzeko itxurarik Libanon. Azken orduotan, gutxienez 18 pertsona hil eta 30 baino gehiago zauritu ditu Israelgo Armadak Libano hegoaldean egindako bonbardaketen ondorioz.
Frantziako justiziak Achraf Hakimi futbolaria epaituko du emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta
Paris Saint-Germain taldeko jokalaria Marokoko selekzioarekin Munduko Kopan parte hartzen ari den bitartean, Versallesko Apelazio Auzitegiko instrukzio salak atzera bota du horren defentsak aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, akusatuen aulkian eseri beharko du 2023an emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.
AEBk eta Iranek bertan behera utzi dituzte Suitzan itunaren inguruan egin behar zituzten elkarrizketak
Burgenstockeko bilera bertan behera utzi dute JD Vance ez delako bertara joan eta ez zegoelako argi Irango Gobernuaren ordezkaritza bertan izango zen, baina Washingtonek negoziazio teknikoetan aurrera egiteko asmoari eutsi dio.
Andy Burnham alkate laboristak eserleku bat lortu du, eta Starmerri aurre egin ahal izango dio
Makerfieldeko hauteskundeetan lortutako garaipenak Alderdi Laboristaren buruzagitza eskuratu eta Erresuma Batuko Gobernua gidatzeko bere asmoa indartu du.
Hauek dira Iranek eta Estatu Batuek adostutako akordioaren 14 puntuak
Ekialde Hurbileko gerrari amaiera emateko eta Ormuzko itsasartea desblokeatzeko akordioaren xehetasunak plazaratu dituzte Estatu Batuek. Akordioak atzeratu egiten ditu eztabaidagai delikatuenak, hala nola programa nuklearraren garapena.
Errusiak areagotu egin ditu Ukrainako ondare kulturalaren aurkako erasoak, eta bost eraikin historiko kaltetu ditu 24 orduan
Kaltetutako eraikinen artean dago Jasokundearen katedrala, Kieven. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, Errusiaren bi dronek eragin dituzte kalteak.
Irango zenbait ontzik “arazorik gabe” Ormuzko itsasartea zeharkatu dute, AEBren eta Iranen arteko akordioa iragarri ostean
Hiru petrolio-ontzik eta oinarrizko produktuak garraiatzen dituzten bi merkantzia-ontzik zeharkatu dute itsasartea.
AEBk eta Iranek gerrari amaiera emateko akordioa lortu dute
Washington eta Teheran artean bitartekari lanetan aritu den Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak baieztatu du akordioa indarrean dagoela eta iragarri du ekainaren 19an sinatuko dutela, Suitzan. Momentuz, ez dute testua ofizialki ezagutzera eman eta alde bakoitzak interesatzen zaizkion alderdiak nabarmendu ditu.