Zipre: Euroaren gerriko estua
Herrialde batek bere moneta proioa duenean, Ziprek bizi duen bezalako krisi bati ematen zaion irtenbidea argia da: banketxeek porrot egin dute, Estatuak zor publikoa ordaintzeari uzten dio eta moneta debaluatu egiten da, maila handi batean.
Horrek herrialdea pobretzea ekartzen du, bat-batean eta modu orokor batean: jendeak Estatuak itzuli ezin dizkion aurrezkiak galtzen ditu, Estatuak ezin du diru askorik bueltatu, ordainketa-etena deklaratu duelako, eta atzerriko inork ez dio dirurik maileguan utzi nahi.
Hurrengo urratsa dirua egiteko makina erabiliz dirua egitea da, gutxienez bertako herritarren soldatak ordaindu ahal izateko. Baina dirua modu horretan egiteak inflazioa igotzea dakar, eta horrek, aldi berean, monetak balorea galtzea.
Hitz bitan esanda: bat-bateko pobretze hori % 20-30 artekoa izan liteke. Aldiz, Parlamentuak atzera bota duen erreskate plana ezarri balitz Zipreko herritarrak % 6-10 pobretuko lirateke.
Baina horrelako irtenbide traumatiko batek badu bere alde ona ere: zerotik has daitezkeela eta bide berriak probatu. Ziprek, ordea, euroaren barruan egonda ezin du hori egin.
Bide berriak bilatu izan dituenaren adibide modura aipatzen denetako bat Islandia da. Herrialde horretan posible izan zen, hain zuzen ere, ez zegoelako euroaren barruan, gaur egun ere eurotik kanpo dago eta beraz herrialde batek porrot egiten duenean hartu ohi diren irtenbideak hartu zituelako.