Zazpi emakumeren desagerpena eta ustezko hilketak ikertzen ari dira AEBn
FBIren operatibo baten artxiboko irudia
AEBn zazpi emakumeren desagerpena eta balizko hilketa ikertzen ari da Polizia Filadelfian (Pennsylvania) etxebizitza batean ikus-entzunezko material susmagarri ugari aurkitu ondoren.
Raymond Horsch argazkilari eta film zuzendariaren etxea ikertzen ari da Polizia, BBC eta NBC kateek zabaldu dutenez. Horschek gai erotikoak zein beldurrezkoak landu eta argitaratzen zituen bere film, argazki eta liburuetan 2025ean hil zen arte. Haren etxean aurkitu dituzten ikus-entzunezkoetan desagertutako hainbat emakumeren irudiak agertu dira.
Horschen semeak autoa gaizki utzi zuelako abiatu zuten ikerketa, ekainean. Autoan drogak eta armak aurkitu zizkioten, eta berarekin zegoen emakume batek urte batzuk lehenago desagertu zen emakume baten izen-abizenak zituen nortasun agiria aurkeztu zuen.
AEBko hedabideen arabera, hari horretatik tiraka hasi ostean, zinemagilearena izan zen etxea miatu, eta material susmagarri ugari aurkitu zuten bertan, besteak beste, desagertutako emakumeak egoera ezberdinetan agertzen diren grabazioak, substantzia kimikoak eta errautsez betetako bost ontzi. Grabazioak bertan egiten zituen Horschek, Poliziaren ustez.
Susmoak bai, baina frogarik ez
Polizia material hori guztia aztertzen ari da, eta, momentuz, ez dauka etxe horretan hilketarik gertatu zela esateko frogarik.
Grabazioetan 58 emakume identifikatu dituzte. Horietatik bost desagertutako pertsonen zerrendetan agertzen dira eta beste bi ez dituzte aurkitu. Film batzuek hilketen eszenak dituzte, baina Poliziak ez du baieztatu oraindik hilketa horiek benetakoak edo fikziozkoak diren.
AEBn harrabotsa egin du ikerketa honek, eta hedabide ugari ari dira Poliziaren ikerketa bertatik bertara jarraitzen.