Musharrafek auzitegitik ihes egin du, bera atxilotzea agindu eta gero
Pervez Musharraf Pakistango presidente ohiak Islamabadeko Auzitegi Gorenetik ihes egin du epaileek bera atxilotzeko agindu eta gero. Bere jauregian babestu da.
Pervez Musharrafek, 1999 eta 2008a artean Pakistango presidente izan zenak, epaitegian egin behar izan duen agerraldiak sortutako zalapartaz baliatuta ihes egitea lortu du; bizkartzain talde batek inguratuta auzitegitik irten da eta kanpoko segurtasun neurriak saihestea lortu du.
Epaimahaiak presidente ohia berehala atxilotu dezatela agindu du 60 epaileren atxiloketekin zerikusia duelakoan (tartean Auzitegi Goreneko buruarena).
Musharrafek lur orotako ibilgailu blindatu batean egin du ihes bere jauregira eta gertuko hainbat kolaboratzaileekin etxean sartuta dago. Hedabideetan, berriz, etxean giltzapetuko duten aukera zabaldu da.
Musharrafen Facebookeko orrian Raza Bokhari bere kolaboratzaileak argitaratu duen agiri batek jasotzen duenez, atxilotze aginduak "porrot egingo du" eta agindu hori "mendeku pertsonalek eragindako ekintza judizialaren ondorio" dela azpimarratzen da bertan.