Estremistak agertu dira Bruselan, atentatuen kontrako ekitaldi batean
Estremista talde batek agerraldia egin du Bruselako atentatuetan hildako eta zauritutako biktimen omenez Belgikako hiriburuan egin den ekitaldian eta istiluak eragin ditu. 500-1.000 lagun artean elkartu dira Brusela erdiguneko Burtsaren plazan eta Belgikako Poliziak ur kanoiak erabili ditu jendetza sakabanatzeko.
Belgikako Gobernuaren eskariari jaramon eginez, Bruselako atentatuen kontra eta biktimen omenez gaurko deituta zuten ekitaldia atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Dena den, ehunka lagun kalera irten dira beren elkartasuna adierazteko.
Gobernuak kontzentrazioa atzeratzea eskatu zien antolatzaileei segurtasuna bermatzeko nahikoa baliabide ez zeudela argudiatuta eta ekitaldia atzeratzea erabaki zuten deitzaileek.
Kontuak kontu, Belgikako Poliziak esku hartu behar izan du, gaur, Brusela erdialdean Estatu Islamikoaren kontrako mezuak ("Izorra dadila Estatu Islamikoa") zabaltzen ari zirenak sakabanatzeko, RTL Belgikako irrati telebista kateak berri eman duenez. Iturri horren arabera, "Casuals" izeneko talde bateko kideak ei ziren.
Biharko ekitaldia, bertan behera
Hala, atentatuen omenez biharko iragarrita zegoen ekitaldi bat bertan behera utzi dute, Burtsaren plazan jazotakoa ikusita. Atomiumen egin behar zuten, hau da, Belgikako ikurretako batean, baina ez dute azkenean egingo, igandeko istiluengatik.
Deialdia egin duenetako batek, Emmanuel Foulon ("Egin otoitz Belgikaren alde"koa) eman du horren berri. Foulon, halaber, igandeko martxa antolatu dutenen artean zegoen.
Hamahiru miaketa eta bederatzi atxiloketa
Igandean hainbat gertaera izan dira Bruselan eta Belgikan. Hamahiru miaketa eta bederatzi atxiloketa egin dituzte, atentatuak izan zirenetik bost egun igaro direnean.
Belgikako Fiskaltza federalak jakitera eman duenez, Anbereseko probintziako bi hiritan eta Bruselan egin dituzte hamahiru miaketak, terrorismoaren aurkako operazio batean; hala ere, ez dute zehaztu ea miaketa horiek astearteko atentatuekin harreman zuzenik izan duten.
Bost miaketa Anberesen egin dituzte: lau, Malinasen; eta beste bat, Duffelen. Bruselan, ordea, zortzi egin dituzte: erdigunean, hiru; Molenbeeken eta Anderlechen, bana; eta Laekenen, hiru.
Hasiera batean, bederatzi lagun izan dira atxilotuta, baina galdeketa egin ostean bost aske utzi dituzte. Beste laurak epailearen erabakiaren zain daude, ea prebentziozko presondegian jarraituko duten ala ez.
Igandean jakin ere jakin da epaileak akusazioa egin diola Abderamane A.-ri; izan ere, epailearen arabera, Parisen ostegunean eragotzi zuten atentatu-saiakeraren harirako jarduera terroristak egin ditu. Reda Kriketen atxiloketarekin du zerikusia akusazio honek; Kriket, 34 urteko frantziarra eta ustezko terrorista, hilaren 24an eragotzitako atentatu-saiakerarekin ere omen du erlazioa.
Kriket Boulogne-Billancourten atxilotu zuten, eta Argenteuileko haren etxean (Pariseko kanpoaldean) arma astunak eta lehergailuak atzeman zituzten; hori dela eta, ikertzaileek uste dute atentatua ari zela prestatzen.
Abderamane A. prebentziozko presondegian dago eta hala jarraituko du. Ostiralean atxilotu zuten Bruselan, atentatu-asmo horrekin zerikusia duelakoan.
Ostiralean hiru lagun atxilotu zituzten Bruselan operazio horretan: Abderamane A., Rabah N. (akusazioa egin diote hari ere), eta Tawfik A. Azken hori aske utzi dute.
Txanoa daraman gizona nor den oraindik ez dute erabat zehaztu
Bestalde, ikerketak ez du zehaztu ea Fayçal Cheffou, zeini egotzi dioten ustezko zerikusia izatea Bruselan asteartean jazotako atentatuekin, aireportuko erasoen hirugarren egilea den; alegia, ea segurtasun-kamerek hartutako irudian txanoa daraman gizona den ala ez.
Asteartean Bruselako aireportuan eta Maalbeekeko metro-geltokian izandako atentatuen harirako beste inputatua Aboubakar A. da. Cheffou bezala, hori ere Bruselan ostegunean egindako miaketetan atxilotu zuten.
Italian atxilotutako pertsona Belgikara estraditatuko dute
Belgikako justiziak gaur Italian atxilotu duten aljeriarra Belgikara estraditatzeko eskaera egingo du. Aipatutako atxilotuaren aurka atxilotze-agindu bat zegoen jarrita dokumentuak faltsutzen zituen sare baten parte izateagatik. Dokumentu horiek Pariseko atentatuetan eta, seguruenik, Bruselakoetan ere erabili zituzten terroristek. Terrorista horien artean legoke Salah Abdeslam, Pariseko atentatuen talde logistikoaren ustezko buru izandakoa eta martxoaren 18an Bruselako Molenbeek auzoan atxilotu zutena.
Frantziar bat atxilotu dute Holandan, terrorismoa leporatuta
Holandako Poliziak frantziar herritar bat atxilotu du gaur Rotterdamen (Holanda), terrorismoa egotzita. Berarekin batera beste hiru pertsona ere atxilotu dituzte, NOS telebista publikoaren eta ANP albiste-agentziaren esanetan.
32 urteko gizonezkoa "Frantzian atentatu bat egiteko plangintzan parte-hartzearen susmagarria da".
Frantziako agintariek ostiralean eskatu zuten hura atxilotzea, eta Fiskaltzak laster emango dio Frantziari atxilotua, aipatutako medioen arabera.
Gizonezko horrez gain, beste hiru pertsona ere atxilotu dituzte. Horietako bi 43 eta 47 urteko bi aljeriar dira. Ez da laugarren atxilotuari buruzko daturik ezagutzen.
NOS kateak adierazi duenez, terrorismoaren aurkako operazioa oraindik indarrean dago, eta poliziak etxebizitzak arakatu ditu Rotterdamen, lekua husteaz gain.
Hildakoen arteko 28 identifikatu dituzte
Belgikako agintariek eta forentseek Bruselan izandako atentatuetako 28 biktima identifikatu dituzte formalki; bien bitartean, hiru familia DNA emaitzen zain daude.
Belgikako Krisialdi Zentroak gaur argitara eman dituen azken datuen eguneraketak ez ditu barne hartzen atentatuko terrorista suizidak, orain arte hiru besterik ez direnak, ofizialki.
Zure interesekoa izan daiteke
G7ak eta EBk Ormuzko itsasartea irekitzeko eta inguruko herrialdeak pairatzen ari diren “ondorioak” arintzeko deia egin dute
Mendebaldeko herrialde boteretsuenen Atzerri ministroek, baita AEBkoak ere, “populazio zibilaren eta azpiegituraren aurkako erasoak berehala eteteko” eskatu dute.
Trumpek apirilaren 6ra arte luzatu du Ormuzko itsasartea berriro irekitzeko ultimatuma
AEBk Ekialde Hurbilera 10.000 soldadu gehiago bidaltzea aztertzen ari da, Teheranen gaineko presioari eusten dion bitartean eta arazoak luze joko duela ikusita.
Iranek AEBren proposamenari erantzun dio eta bake akordio baterako hainbat baldintza jarri ditu mahai gainean
Teheranek erasoa "ez errepikatzeko baldintzak" eskatzen ditu, eta gatazkaren amaierak "fronte guztiei" eragitea, Libano eta Irak barne.
Israelek iragarri du Alireza Tangsiri Irango Guardia Iraultzailearen Armadako komandantea hil egin duela
Israel Katz Israelgo Defentsa ministroaren arabera, Ormuzko itsasartearen blokeoaren erantzule nagusia zen. Irango agintariek ez dute oraingoz heriotza baieztatu.
Iranek ez du onartu AEBk egindako bake proposamena, "gehiegizkoa" dela iritzita
Irango agintariek behin eta berriz esana dute Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurkako "erasoa eta hilketak" gelditu egin behar dituztela, baita Teheranen aurkako erasoa ez errepikatzeko mekanismo zehatzak garatu ere, besteak beste.
Ezkerreko blokea nagusitu da Danimarkan, baina akordioak beharko ditu
Moderatuek edukiko dute Gobernua osatzeko giltza: 14 eserleku lortuta, ezkerreko blokearen (84) eta eskuinekoaren (77) artean erabaki beharko dute.
AEBk gerra amaitzeko 15 puntuko plana aurkeztu dio Irani, "The New York Times" egunkariaren arabera
Irango programa nuklearra desegitea eta Ormuzko itsasartea irekitzea omen daude planean. Bien bitartean, Teheranek Washingtonekin zuzeneko negoziazioak daudela ukatu egin du, eta Israelen eta AEBko baseen aurkako erasoekin jarraitu du.
Ekialde Hurbilera 3.000 soldadu bidaltzea aztertzen ari da AEB
Hainbat hedabideren arabera, 82. Aireko Brigada —aireko operazioaetako eliteko unitate epezializatua— bidali nahi du Trumpek Ekialde Hurbilera, Iranen aurkako operazio militarrean parte hartzera.
Israelek adierazi du "segurtasun eremu bat" ezarri eta kontrolatuko duela Libano hegoaldetik Litani ibairaino
Israelgo Defentsa ministroak adierazi duenez, Israel iparraldean bizi direnen segurtasuna bermatzen den arte ez dira itzuliko Libano hegoaldetik iparraldera ebakuatu dituzten ehunka mila herritarrak.
Bruselak Hungariari eskatu dio argitu dezan Errusiari egin omen dizkion filtrazioen auzia
Hungariak ukatu egin du Errusiari Europar Batasuneko barne gaiei buruzko informazioa ematen ari zaiola, eta "albiste faltsutzat" eta "gezurtzat" jo ditu horren inguruan hedabideetan agertu diren informazioak.