49 lagun tiroz hil dituzte Floridako dantzaleku batean
Orlandon (Florida) homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu, eta bertan zeudenen kontra tiro egin du gizonezko batek, errifle bat eta pistola bat eskuetan. 49 lagun hil ditu eta 53 zauritu.
Erasotzailea, Omar Mir Sediq Mateen, 29 urteko floridarra, dela esan dio Poliziak CBS telebista-kateari. Mateenek erradikal islamiarrekin harremana zuela esan dute, baina ez zituela aurrekari penalik.
Goizaldeko 02:00etan ?Euskal Herrian 08:00ak zirela- jazo da erasoa. Poliziako bederatzi agenteren kontra tiro egin du erasotzaileak eta lokalean gotortu da gero, pertsona homosexualak ibiltzen diren klub batean, hain justu. Une horretan ehun bat lagun zeuden bertan eta erasotzaileak hainbat bahitu ditu.
Poliziaren eta Larrialdietako zerbitzuen hainbat talde bertaratu dira -artezilariak eta Poliziaren talde bereziak barne- eta erasotzaileak "lehergailu susmagarri" bat zuela adierazi dute. Poliziak lokala inguratu eta barrura sartzea erabaki du; gizonezkoa tiroz hil dute.
FBIk, bere aldetik, "gertakaria ekintza terrorista gisara" ikertzen ari direla jakinarazi du.
SWAT talde bereziak hartu du parte polizia-operazioan, eta, jakinarazi dutenez, 30 lagun bizirik ateratzea lortu dute. Gainera, Poliziak "leherketa kontrolatu bat" egin du, erasotzaileak zeraman gailuarekin.
Bigarren erasotzaile bat izan ote den argitzen ari dira Segurtasun Indarrak. Gaurko erasoak Christina Grimmie abeslari gaztearen hilketarekin lotura ez duela argitu dute. Ostiralean hil zuen gizonezko batek tiroz abeslari gaztea, Orlandon kontzertu bat eman ondoren.

ISISek bere gain hartu du erasoa
Estatu Islamikoa talde terroristak Orlandoko atentatu terroristaren egiletza bere gain hartu du, Al Yazira telebista-kateak jakinarazi duenez, Amaq albiste-agentzia aipatuta (jihadistekin lotuta dagoen agentzia da). Dena dela, ISISek ez du baieztapen ofizialik eskaini.
Bestalde, tiroketa egin aurretik, leialtasuna adierazi zion Mateen ustezko erasotzaileak Estatu Islamikoari, 991 larrialdi zerbitzuei egindako dei batean, NBC News telebista-kateak zabaldutako informazioaren arabera.
FBIk bi aldiz ikertu zuen
Bere aldetik, FBIk baieztatu egin du mateen ikertu zuela 2013 eta 2014 urteen artean, talde terroristaren batekin lotura izan zezakeelakoan. 2013an, ustez, "iruzkin asaldatzaileak egin zizkien bere lankideei, eta terroristekin harremanak izan zitzakeela suma zitekeen". Horren aurrean, FBIk bere aurrekariak ikertu zituen, bideozaintzako kamerak aztertu eta bi aldiz elkarrizketatu zuen; alabaina, ikertzeari utzi zioten frogarik ez zutelako aurkitu.
Ondoren, 2014an, Sirian eraso suizida batean hil zen Moner Mohammad Abusalha terroristarekin ustezko lotura izateagatik ikertu zuten. Berriz ere elkarrizketatu egin zuten, eta ikerketatik atera zen emaitza izan zen harremana egon bazegoela, baina oso txikia izan zela, eta "une horretan ez zen mehatxu bat".
Erreakzioak
Barack Obama AEBko presidentearen hitzetan, Orlandoko tiroketa "terrorismoarekin eta gorrotoarekin lotutako ekintza" izan da. "Amerikako historian inoiz izandako tiroketarik larriena da gaurkoa", adierazi du Etxe Zuritik egindako adierazpenetan.
"Guztion eta berdintasun eta tolerantzia baloreen aurkako erasoa da (?) Gorrotoaren eta indarkeriaren aurrean, batuta egongo gara gure herrialdea defendatzeko", esan du.

Barack Obama, AEBko presidentea, Etxe Zurian egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Obamak gogora ekarri duenez, Pulse kluba ez zen bakarrik gaueko aisialdirako diskoteka, "elkartasun eta ahalduntze lekua ere". Hori dela eta, Obamak aitortu duenaren arabera, "egun zaila da bereziki LGTB komunitatearentzat".
Gainera, su-armen gaineko murrizketak ezartzea defendatu du berriro ere. "Gaur jazotakoak gogora ekartzen digu zein erraza den armak lortzea ikastetxe batean, eliza batean, zinema-areto batean edo diskoteka batean tiro egiteko asmoz", gaineratu du.
AEBtako sarraskirik handienetakoa
John Mina Orlandoko polizia buruak adierazi duenez, Estatu Batuetako sarraskirik odoltsuenen artean dago Floridako dantzalekuaren aurkako erasoa. Minak azaldu duenez, Mateenek AR-15 erriflea eta pistola bat erabili ditu triskantza egiteko. "Oraindik goizegi da diskotekara nola sartu zen eta tiroketa zelan hasi zen ondorioztatzeko". Bahitutako lagunekin komunikatu zirela azaldu du agenteak, baina ez du horren inguruko xehetasun gehiago eman.
FBIk jakinarazi duenez, diskotekara joan, baina tiroketa hasi aurretik irten diren pertsonei agintariekin harremanetan jar daitezela eskatu diete, gertatukoari buruz informazio gehiago izateko asmoz.
Agentzia federalak azaldu du ez dagoela tiroketarekin lotutako mehatxu gehiagorik inguruan edota herrialdean.
Larrialdi-egoera
Rick Scott Florida estatuko gobernadoreak larrialdi-egoera jarri du indarrean. "Estatu indartsu eta gogor bat gara, eta ditugun baliabide guztiak bideratuko ditugu Orlandoko tiroketarekin laguntzeko. Larrialdietarako gure Operazio Zentroa ere gertaera tragiko hori jarraitzen ari da, jakinarazi du Scottek ohar ofizial baten bidez.

Zure interesekoa izan daiteke
Gazan "gauero 30-40 pertsona hiltzeko" deia egin du Ben Gvir Israelgo ministroak
"Uste dut hilketa selektiboak egin beharko liratekeela Gazan, gauero 30-40 pertsona desagerraraziz. Ez soilik berehalako mehatxua direnak; badira han bizitzea merezi ez duten pertsonak. Ez lukete bizi behar. Ez dira pertsonak ere", esan du Segurtasun ministroak.
Landetako suteak hobera egin du, baina oraindik ez dute kontrolpean
Suak 1.700 hektareari eragin dio jada eta 550 suhiltzaile inguru ari dira itzaltzeko lanetan. 650 lagun atera behar izan dituzte euren etxeetatik eta kanpingetatik eta 50 pertsonak gaur gauean itzultzeko baimena jaso dute.
AEBk Hamasi hitzeman dio Israel Gazatik erretiratuko dela armagabetzeak aurrera egin ahala
Jared Kushnerrek Egipton azpimarratu du 2025ean adostutako bake-plana ez dela berriro negoziatuko eta haren baldintzak beteko direla.
Landetako baso-sutea berpiztu egin da eta 1.600 hektarea erre ditu
Luglon udalerriaren hegoaldean hasi zen sua, Mont-de-Marsanetik 30 kilometrora, eta Garein ingurura zabaldu da. 700 pertsona inguru ebakuatu dituzte prebentzioz.
7,7 graduko lurrikara batek hildakoak eragin ditu Indonesian
Lurrikarak Flores uhartea astindu du goizaldean, eta iparraldeko kostaldearen parean eta 15 kilometroko sakoneran izan du epizentroa. 2.000 pertsona ebakuatu dituzte, baina zaurituak eta kalte materialak eragin ditu.
Trumpek esan du Ormuzko itsasartea AEBko lurraldetzat joko duela "laster"
Iran "garaitu" ostean egingo duela eta Washingtonen baimenik gabe itsasontziek ezingo dutela itsasartea zeharkatu adierazi du. Teheranen hitzetan, "ezin da txioak, hegazkin-ontziak, dekretuak edo hauteskundeetako hitzaldiak baliatuta bereganatu".
Frantziako Konstituzionalak baliogabetu egin du 15 urtez azpikoei sare sozialak erabiltzeko debekua
Epai horren harira, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Sebastien Lecornu lehen ministroari eskatu dio Gobernuak "testu juridikoki sendoa" presta dezala, epaia bera eta Europako araudia aintzat hartuta, eta erreforma "2027ko udaberria baino lehen" indarrean sartzeko asmoari eusten diola gaineratu du.
Kolonbian 285 dira jada lurrikararen ondorioz hildakoak, eta 379 desagertu daude oraindik
7,4 graduko lurrikararen epizentroa San Jose del Palmarren izan zen, Ozeano Bareko kostaldean dagoen Choco departamenduko herrian. Azken datuen arabera, 3.975 pertsona zauritu eta 45.523 familia kaltetu dira. Horrez gain, 12.828 etxebizitza suntsitu dira.
20 elefanteren heriotza misteriotsuak alarma piztu du Kenyan
Amboseli parke nazionalean, Kenyako turismo-gune nagusietako batean, gutxienez 20 elefanteren heriotza zerk eragin duen ikertzen ari dira. Animaliek sintoma berberak dituzte: paralisia, ibiltzeko zailtasunak eta arnasa hartzeko arazoak. Fauna basatiak garrantzia handia du bertako ekonomian, eta kezka gero eta handiagoa da. Albaitariek, zientzialariek eta agintariek ikertzen jarraitzen dute heriotza horiek zerk eragin dituen argitzeko.
Nigel Farage ultranazionalista EBko Parlamentura itzuli da, Clactongo hauteskundeak irabazi ostean
Alderdi nagusiek boikota egin diete hauteskunde horiei, Faragek iritzi publikoaren aurrean bere burua indartzeko egin duen “pantomima bat” izan dela iritzita.