Nazionalismo ingeles berria (eta handiustea)
Theresa Mayk sekulako erronka du esku artean. Merkatu bakarra uztea erabaki duen mundu mailako herrialdea bakarra jaso du. Haustear den herrialde bat da, gainera, Eskoziak independentzia eskatzen jarraitzen baitu. Ebaki asko dituen herrialde bat: dirudun eta txiroen artean, Londres eta herri txikien artean, gazte eta adinekoen artean. 'Brexit'a abian jartzea da Mayren lehentasuna, hau da, Erresuma Batuak Europar Batasuna uztea, britainiarri ahalik eta kostu gutxien eraginaz. Dibortzioa ez da erraza izango. Britainiarrek pisua, umeak, aurrezkiak eta landa-etxea ere eurentzat nahi dituzte.
Horren adierazle da Mayk osatu berri duen gobernua. "Nazionalismo ingeles berria" deitu genezakeenaren kide dira ministro berriak. Ministro nagusiek, Boris Johnsonek, David Davisek edota Liam Foxek, Europa mespretxatzen dute. Harrokeria puntu batekin, gainera, benetan uste baitute europarrak ingelesak behar dituztela, ingelesak europarrak baina gehiago direla. 'Brexit'a gauzatzeko negoziazioetan ez dute arlo bakar batean amore emango.