Alderdi arabiarrek hauteskunde iruzurra egitea leporatu diote Netanyahuri
Israelgo telebista kate batek zabaldutako informazioaren arabera, lehen ministroaren bulegoak Raam alderdi islamistaren hiru politikari salatu zituen eta Poliziak hauteskunde egunean atxilotu zituen. Handik gutxira, baina, aske geratu ziren, froga faltagatik. Raamen arabera, operazio horren erruz milaka boto galdu zituen.
Israelgo alderdi arabiarren koalizio nagusiak eta oposizioko hainbat alderdik hauteskunde iruzurra egotzi diote Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroari. Zehazki, Raam alderdi islamistako kideak inolako funtsik gabe atxilotzeko operazioa antolatzea leporatu diote, alderdi arabiarren sinesgarritasuna eta izen ona kaltetu asmoz.
Auzia (Raamgate jarri diote, alderdi islamistaren izenari erreferentzia eginda) ikertzeko batzorde bat sortzeko eskatu dute alderdiek.
Keshet 12 telebistak zabaldutako informazioaren arabera, Netanyahuren kabineteak Raam alderdiko hiru kide atxilotzeko informazioa (faltsua omen) eman zion Poliziari, eta agenteek hauteskunde egunean bertan atxilotu zituzten. Ondoren, baina, hirurak aske utzi zituzten, frogarik ez zegoela argudiatuta. Israelgo Fiskaltzak eta Poliziaren Ikerketa unitateak ikerketapean dituzte salaketok.
Netanyahuren alderdiak, Likudek, informazioa "faltsua eta zentzugabea" dela adierazi du. Dena dela, gogora ekarri behar da hauteskunde egunean Netanyahuk bideo bat zabaldu zuela Raameko kideen atxiloketak salatuz. Orduan esan zuenez, arabiarrak "hauteskundeak lapurtzen saiatu" ziren.
Mansour Abas Raameko buruzagiak nabarmendu duenez, Likudek egindako iruzur salaketa horien erruz, milaka boto galdu zituen alderdiak.
Gadi Eisenkot oposizioburu eta Yashar! alderdiko buruzagiak ere auziaren inguruko ikerketa eskatu du.