22 pertsona hil eta 64 zauritu dira Manchesterren atentatu suizida batean
Gutxienez 22 pertsona hil eta 64 zauritu dira Ingalaterra ipar-mendebaldeko Manchester hiriko Manchester Arena estadioaren ondoan izan den atentatu suizida batean. Leherketa gertatu denean, Ariana Grande abeslari estatubatuarraren kontzertuan izan direnak estadiotik irteten ari ziren.
Gertaera bart izan da, 23:30ean (gurean), eta eraso terroristatzat hartu dute segurtasun indarrek, hala adierazi du Theresa Mayk eta Polizia britainiarrak.
Kaputxadun gizon batek atentatua aldarrikatu du Estatu Islamikoaren izenean eta "hau hasiera besterik ez" dela ziurtatu du, Abdallah Rami mugimendu jihadistetan adituak zabaldu duen bideo batean.
Bideoak 16 segundo ditu eta, bertan, EIaren bandera atzean duen gizon bat ageri da, ingelesez hitz egiten du eta, adierazten duenez, "Estatu Islamikoaren lehoiak gurutzatu guztiei eraso egiten hasi zaizkie" (jihadistentzat gurutzatuak kristauak dira).
Hainbat ume hil dira
"Baieztatu dezaket umeak daudela hildakoen artean", esan du ian Hopkins Manchesterreko Poliziako buruak, prentsaurreko batean.
Gainera, azaldu du ikerketa martxan dagoela eta erasotzailea "bakarrik" jardun ote den, ala "sare baten kide" zen.
"Erasotzailea, baieztatu dezaket, Arenan hil zen. Uste dugu lehergailua soinean zeramala eta, bat-batean, eztandarazi egin duela, sarraskia eginda", azaldu du Hopkinsek.
"Familia eta gazte asko kontzertu batez disfrutatzen ari ziren eta bizitza galdu zuten. Dagoeneko hil diren 22 biktimei eta 59 zaurituei eta haien gertukoei" elkartasuna helarazi die bozeramaleak.
Herritarrak "alerta" egon daitezela
Era berean, Amber Rudd Barne ministroak ankerkeriatzat jo du atentatua eta, adierazi duenez, helburua "gure gizarteko ahulenak" jo eta "beldurra" eragitea izan da, baina azpimarratu du ez dutela hori lortuko.
"Familiak eta kaltetutako biktimak dauzkagu gogoan gaur", esan du Ruddek Theresa mayk deitutako larrialdiko bileran parte hartu baino lehen.
Barne ministroak, gainera "alerta" egoteko esan die herritarrei, baina ez "alarma" egoeran. Gainera, zerbait salatu behar izatekotan segurtasun indarrekin harremanetan jartzeko eskatu die.

Tren zerbitzua bertan behera utzi dute berehala Manchesterreko Victoria geltokian, estadioaren ondoan, eta linea guztietan eten dute trenen joan-etorria.
Ariana Granderen kontzertuan izan diren lekuko batzuek azaldu dute paniko egoera bizi izan dela estadioan "leherketa handia" entzun eta gero. Larrialdi zerbitzuek eztanda izan den lekura jo dute. 20.000 bat pertsona joan dira artista estatubatuarraren kontzertura.
"Jendea oihuka eta korrika ari zen, zorua jakez eta telefono mugikorrez estalita egon da. Jendeak bota egin ditu zeramatzan gauza guztiak", Robert Tempkin 22 urteko gazteak BBCri azaldu dionez.
Bestalde, Poliziak baieztatu egin du "baliabide handiak" bideratu dituela gertaera argitzeko, besteak beste, artezilariak eta eraso terroristetan adituak.
Bere aldetik, Manchester Arenako (21.000 lagunentzako lekua du) bozeramale baten esanetan, eztanda "instalazioetatik kanpo" izan da.
Era berean, gaineratu dutenez, atentatua "eremu publikoan" izan da, "jendea estadiotik irteten ari zenean".
Apur bat geroago, Polizia britainiarrak "kontrolatutako leherketa" bat egin du Manchester Arenaren inguruetan, objektu susmagarri bat aurkitu dutelako, baina, ondoren, baieztatu egin dute ez zela arriskutsua. Leherketak Cathedral Gardens lorategietan egin dira, Victoria geltokia eta estadioaren aurrean.
Gainera, ordu batzuk beranduago, Victoria geltokia itxita egon da, Poliziak beste pakete susmagarri bat aztertzen zuen bitartean.
"Victoria autobus geltokiko ustezko objektu susmagarria deuseztatu egin dugu. Ez zen susmagarria. Eskerrik asko zuen pazientziagatik", esan du Scotland Yardek Twitterren duen kontuan.
"Eraso terrorista"
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak "eraso terrorista ankerra" gaitzetsi du, eta elkartasuna helaraz die biktimei eta horien senideei. Gainera, baieztatu egin du Polizia atentatutzat aurre egiten ari diola gertaerari.
"Lanean ari gara gertatutakoa zehaztasunez argitzeko", esan du Mayk ohar baten bidez. Jeremy Corbyn laboristen buruak ere doluminak eman dizkie biktimei.
"Gertaera lazgarria Manchesterren. Biktimekin eta gure larrialdi zerbitzu zoragarriekin nago", esan du Twitterren oposizioaren liderrak.
Erresuma Batuko hauteskundeak egiteko hiru aste baino gutxiago falta direnean egin dute atentatua, ekainaren 8rako deitu baitituzte.
Ariana Grande, "hautsita"
Atentatua izan denean Manchester Arenan kontzertua ematen ari zen artista "jota" agertu da gertatutakoaren aurrean, Twitter sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez.
Enbaxadaren telefonoa
Espainiak Erresuma Batuan duen Enbaxadak larrialdietarako telefonoa zabaldu du, Manchester Arenako atentatuen ostean.
"Enbaxadaren larrialdietarako telefonoa gogorarazten dugu: +44(0)7801371704", adierazi du.
Gainera, Espainiako Gobernuak Londresen dituen ordezkariak "hunkituta eta goibel" daudela erantsi dute: "Gure bihotza biktimekin dago". Halaber, horien esanetan, "Polizia britainiarrak larrialdietarako telefonoa martxan jarri du: +441618569400". Momentuz, ez dakite espainiarrik dagoen biktimen artean.
Elkartasuna sarean
Herritarrek eta hotelek, interneten bidez, gelak eskaini dizkiete Ariana Granderen kontzertuan egon diren pertsonei.
Twitterren, "RoomForManchester" etiketa sarean gehien komentatuetako mintzagai bihurtu da, eta milaka erabiltzailek laguntzeko mezuak publikatu dituzte.
Gainera, taxi gidari asko ere bertaratu dira eta doako bidaiak eskaini dituzte.
skaini dituzte.Zure interesekoa izan daiteke
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.
EBko Barne ministroek Ceutako krisia aztertuko dute gaur, ezohiko bilera batean
Europar Batasuneko Barne Ministroen Ezohiko Kontseilua gaur bilduko da, Espainiak eskatuta eta 22 estatu kidek babestuta, Ceutako migrazio-krisia aztertzeko eta Marokotik etorritakoen gorakadari erantzun bateratua emateko.
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.