Brexita gezur biribila zen
Brexitaren aldekoek britainiarrei esan zieten Europako Batasunetik irtetea negozio borobila izango zela. % 52k sinetsi egin zuten eta Europako Batasunetik irtetearen alde bozkatu zuten 2016ko erreferendumean.
Orain Gobernuak gauzak diren moduan kontatu die: ez da negozio ona bat ere ez; are gehiago, irteera hori aldez aurretik Bruselarekin akordio bat lortu gabe egiten bada, desastre hutsa izan daiteke britainiarrentzat.
Theresa May lehen ministroak aitortu du Brexitaren kontrakoek jada ohartarazi zutena: Batasunetik irten nahi ez zutenek datuak erabili zituzten; irten nahi zutenek, berriz, gezurrak. Jada Italian, Estatu Batuetan, Hungarian eta beste hainbat lekutan ikusten ari gara hauteskundeak irabazten dituztenak gezurrak esaten dituztenak direla, eta ez datuak erabiltzen dituztenak.
Mayk Bruselari aurkeztu dion proposamena onartezina da. Batasunetik irten nahi du, berak nahi duena egiteko, baina aldi berean Europako merkatu bakarrerako sarbideari eutsita. Hori ezin da horrela izan, horrek lelo aurpegiarekin utziko lituzke europarrak.
Mayk badaki kontzesio gehiago egin beharko dituela Europako Batasunarekin akordioa lortu nahi badu. Agian horregatik eman ditu orain argitara agiri horiek akordiorik gabe Batasunetik irtetzak izango lituzkeen arriskuez ohartarazteko, eta Brexit “gogorraren” aldekoek, akordiorik gabeko irteera defendatzen dutenek, gogoeta egin dezaten.