Kaledonia Berriak Frantzia barruan jarraitzen du
Kaledonia Berria ez da banatuko Frantziatik, baina gaia ez dago, inondik inora, erabat itxita. Duela 20 urte sinatutako akordioen arabera, 2020 eta 2022 urteetan berriz egin ahal izango dira erreferendumak, uharteko parlamentuko diputatuen heren batek hala eskatzen badu; eta gaur egun, diputatu independentistek eserlekuen heren bat baino gehiago dute, 54etik 25.
Dagoeneko erabat marraztuta dago uhartearen mapa politikoa: 'kanak'ak gehiengo dira iparraldean, eta independentziaren alde bozkatzen dute; hegoaldean, gehienak jatorri frantziarreko 'kaldoche'ak dira eta Ozeano Bareako beste uharte batzuetako herritarrak ere frantziarrak izatearen alde.
Bada, hain zuzen ere, mapa politikoa zehaztuta dagoenez, ez dirudi bi urteren buruan aldaketa handia egongo denik. Alde handia dago, 13 puntukoa, Frantzian geratzea erabaki eta independentzia lortu nahi dutenen artean; eta gainera, parte hartze handiarekin hartu dute erabakia: %80. Gauzak horrela, independentistek mirari handia egin beharko dute bi urtetan % 7 baino gehiago lortzeko, eta hori Frantziaren aldekoak gehiago hazten ez badira.