Espainiak 'Brexit'aren alde bozkatuko du, Gibraltarren inguruan akordioa lortu ostean
Igande honetan ezohiko goi-bilera egingo dute Bruselan, Europako Batasuneko 27 kideek eta Erresuma Batuak, 'Brexit'aren akordioa egikaritzeko. Bilera hori baino 24 ordu lehenago, Espainiak baiezko botoa emango duela iragarri du Pedro Sanchez presidenteak, Gibraltarren inguruan "blindatze hirukoitz historikoa" lotu eta gero.
Moncloa Jauregian komunikabideen aurrean egin duen agerraldian, Sanchezek esan du Espainiako Gobernuak baiezko botoa emateko beharrezkoak ziren berme guztiak idatziz jasoko dituela Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko 'Brexit' akordioak. Azaldu duenez, "Erresuma Batua Europako Batasunetik joan eta gero, Gibraltarrek EBekin izango duen harreman politikoa, juridikoa eta geografikoa Espainiaren esku egongo da".
Donald Tusk buru duen Europako Kontseiluak eta Jean-Claude Junker buru duen Europako Batzordeak lehen aldiz adierazpen bateratua egin dutela jakinarazi du Sanchezek: "184 artikulua, Espainiako Gobernuak Erresuma Batuarekin zuen desadostasunik handiena, etorkizuneko harremanen inguruko edukietan ez dela aplikatuko dio adierazpen horrek" adierazi du.
Sanchezen iritziz, Europako instituzioen adierazpen politikoak Espainiaren papera indartzen du etorkizuneko negoziaketei begira, "eta negoziaketa horiek inoizko garrantzitsuenak izango dira, burujabetza partekatuaz eta beste hainbat gauzaz eztabaidatu beharko dugu eta".
Adierazpen politiko horretan "Gibraltar Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziaketa orokorretik ateratzea" oso garrantzitsua dela nabarmendu du, "Espainiak negoziaketa zuzena egin ahal izatea ahalbidetzen baitu".
Adierazpenaren beste pasarte bat ere nabarmendu du: "Europako Batasunaren edozein akordio Gibraltarren aplikatzeko, aurretik Espainiarekin akordioa egin beharko da. Etorkizunean egingo diren negoziaketa guztiak gure interesekoak izatea bermatzen du horrek" esan du.
"Nazioaren interesa"
Espainiako presidenteak orain arte zergatik zegoen 'Brexit'aren kontra azaldu nahi izan du: "lurraldearen batasuna eta subiranotasun nazionala gure herriaren identitatearen ikur direlako", eta ildo horretan, "nazioaren interesen defentsan" aritu direla nabarmendu du.
Abenduaren 12an Diputatuen Kongresuan akordioaren xehetasunen berri emateko agerraldia egingo duela ere iragarri du. Eta akordio hau "300 urte baino gehiago dituen gatazka bat konpontzeko mugarri" izan daitekeela ere esan du.
"Amore ematea" eta "porrota" Casadoren iritziz:
Pablo Casado Alderdi Popularreko presidentearen arabera, Espainiako presidenteak iragarri duen akordioa "amore ematea" eta "porrot historikoa" da, Gibraltarren inguruko burujabetza partekatua lortzeko "aukera galdu" dutela uste baitu. Zirriborroan agertzen zen 24. artikulua, "PPren aurreko Gobernuak bideratuta utzi zuena", akordioan ez agertzea akatsa dela ere esan du eta Europako Batzordeko zein Kontseiluko presidenteek egin duten adierazpen bateratua ez dela "juridikoki loteslea" gaineratu du.
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia, dena dela, akordioa babestearen alde agertu du: "Bruselarekin egindako akordioak Gibraltarreko eremuko langileak defendatzeko balio badu, Gobernuak gure babesa izango du. Hori bai, nahiago genuke aurrekontuak defendatzeko irmotasun bera ikusiko bagenu. Naziotasuna boteretsuekiko duzun jarreraren arabera neurtzen da, ez banderen tamainaren arabera" idatzi du.
May: "Erresuma Batuak Gibraltarren inguruan duen jarrera ez da aldatu eta ez da aldatuko"
Theresa May lehen ministro britainiarrak ere hitz egin du Sanchezen iragarpenaren ostean, eta euren jarrera ez dela aldatu ohartarazi du: "Erresuma Batuak Gibraltarren burujabetzaren inguruan duen jarrera ez da aldatu eta ez da aldatuko. Harro nago Gibraltar britainiarra izateaz, eta beti egongo naiz Gibraltarren ondoan" erantsi du.
Gibraltarko gobernuaren kritikak
Espainiak lortutako garantiak "balio legalik gabeko paper zatiak" besterik ez direla esan du Fabian Picardo Gibraltarko ministro nagusiak.
GBC katean emandako hitzaldian, ministro nagusiak zenbait gai "nahastea" leporatu dio Sanchezi egindako iragarpenean, eta azpimarratu du "inork berme hirukoitza badauka" Gibraltarko jendea da, euren subiranotasunaren gainean "morroilo hirukoitza" dute, tartean Erresuma Batuak eskaintzen diena. Esan duenez, Erresuma Batuak "ez du inoiz ados ez gauden subiranotasunari buruzko eztabaida prozesu bat hasiko".
Zure interesekoa izan daiteke
EBren eta Mercosurren arteko akordioa maiatzaren 1ean sartuko da indarrean, behin-behinean
Gauzak horrela, merkataritza libreko ituna aplikatuko da martxoa amaitu aurretik akordioa berresten duten Mercosurreko herrialdeen artean. Oraingoz, Argentina, Brasil eta Uruguaik egin dute hori.
Trumpek bost egun atzeratu ditu zentral elektrikoen aurkako erasoak, Iranekin "elkarrizketa oso onak" izan ostean
"Azken bi egunetan" Iranekin gatazka "erabat konpontzeko" harremanak izan dituztela jakinarazi du AEBko presidenteak.
Kuba argindarra berreskuratzen hasi da, astebetean izan duen bigarren 24 orduko itzalaldiaren ostean
Habanan elektrizitate zerbitzuaren % 70 martxan dago. Ospitaleek eta ur-hornidurarako azpiegiturek dute lehentasuna.
Air Canadako hegazkin batek eta suhiltzaileen kamioi batek talka egin dute New Yorkeko LaGuardia aireportuan
Air Canadako hegazkin batek eta suhiltzaileen kamioi batek talka egin dute igande gauean New Yorkeko LaGuardia aireportuan (Queens). Hainbat lagun zauritu dira, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
"Persiar golko osoan" minak jarriko dituela mehatxu egin du Iranek, AEBk inguru horretako uharteetan erasoa jotzen badu
Irango Guardia Iraultzaileak entzungor egin dio Trumpen mehatxuari. AEBk zentral elektrikoen kontra egiten badu, “modu berean” erantzungo duela adierazi du Guardiak.
Israelek Teheranen aurkako erasoak areagotu ditu, AEBk eta Iranek elkarri egindako mehatxuen ondoren
Israelgo Armadak defentsa sistemak aktibatu ditu Irandik jaurtitako geldiarazteko. Gerra luzatzea benetako aukera da, adituen arabera.
Sozialistek irabazi dute Parisen
Aurrerakoiek hiri garrantzitsuenetan agintzen jarraituko dute, eta Nizan eskuin muturrak irabazi du.
Israelgo Armadak "eraso olde berri bat" iragarri du Libano hegoaldean
Israelgo Defentsa ministroak Libanoko Litani ibaiaren gaineko zubi guztiak "berehala" suntsitzeko agindu du. Gaur bertan, Qasmiyeh zubiari eraso diote (irudietan ikus daiteke). Israelgo Armadak, bestalde, "eraso olde berri bat" iragarri du, Hezbollah talde xiitaren "azpiegituren aurka", Libano hegoaldean.
Iranen aurkako gerrarekin bat egiteko eskatu dio mundu osoari Netanyahuk
Gideon Saar Atzerri ministroak Araden salatu duenez, Iranek gerrako krimenak egin ditu azken 24 orduetan bertan, "jomuga militarrik" ez duten gune zibilei eraso eginda.
Irango zentral elektrikoak suntsitzeko mehatxua egin du Trumpek, Teheranek Ormuzko itsasartea 48 orduko epean irekitzen ez badu
Iranek esan du itsasartea irekita dagoela AEBrentzat eta Israelentzat izan ezik, eta ohartarazi du azpiegitura energetikoei, gatza kentzeko plantei eta AEBk eskualdean dituen informazio-teknologien zentroei eraso egingo diela, mehatxua betetzen badu.