Conte Italiako lehen ministroak dimisioa eman du
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak dimisioa eman du astearte honetan eta gobernu krisiaren ardura Matteo Salvini Ligako buruzagiari egotzi dio.
Sergio Mattarella presidenteak bilera-sorta abiatuko du bihar alderdi politikoekin, zer egin erabakitzeko. Bi aukera izango ditu: gobernu berri bat osatzea edo hauteskundeak aurreratzea.
Contek agerraldia egin du Senatuan, Salvinik bere aurka abuztuaren 9an aurkeztu zuen zentsura-mozioaren harira.
Senatuan eman duen hitzaldian, Contek aurreratu du “debatea amaitzean Errepublikako presidentearekin bilduko dela bere gobernuko esperientzia eteteko erabakia jakinarazteko, eta dimisioa aurkezteko”. Eta hala egin du.
Lehen ministroaren esanetan, egungo krisiak Gobernuaren ekintza eta erabakiak arriskuan jartzen ditu, baina oraindik asko dago egiteko”. Hitzaldi berean Salviniri “oportunismo politikoz jardutea” eta une kritiko batean Gobernua haustea leporatu dio.
Salviniri “arduragabe” eta “oportunista” bat izatea leporatu dio
Contek gogor kritikatu du Matteo Salvini Barne ministroa, eta “arduragabea” izatea leporatu dio herrialdearentzat une delikatu batean gobernu krisi bat sortzeagatik, helburu pertsonalak bakarrik jarraitzeagatik eta bere alderdiaren ongizatea bakarrik bilatzeagatik.
Salvinik Ligaren eta 5 Izarren Mugimenduaren arteko harremanak haustea erabaki izana “objetiboki oso erabaki larria da, eta ekonomikoki zein sozialki ondorio larriak ekarriko dizkio herrialdeari” Conteren iritziz. Bere hitzak gaitzespenez eta kexuekin jaso dituzte Ligako kideek, eta Salvinik lasaitzeko keinuak egin behar izan dizkie.
Zentzu horretan, Contek bere harridura adierazi du Salvinik gobernu krisia sortu ostean, Ligako ministroak Gobernutik atera ez zituelako. Gainera, haustura Salvinik berak aurkeztutako segurtasun dekretua aurkeztearekin batera gertatzeak “oportunismo politikoa” erakusten duela salatu du.
Azkenik, galdeketetan izandako emaitza onengatik Salvinik aurreratu nahi dituen hauteskundeen harira, “herritarrek bozkatzea demokraziaren oinarria bada ere, urtero hauteskundeak izatea arduragabekeria hutsa” dela adierazi du Contek.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBko Gobernuak kontratistaren hutsegite bat edo bideratzaile baten akatsa aipatu ditu aireko kaosaren balizko arrazoien artean
Zelenskik dio AEBk NATOn sartzea eskaini diola Ukrainari, Donbasi uko egitearen truke
Gurutzaontzi turistiko bat irauli da Mississippi ibaian, petrolio-ontzi batekin talka egin ostean
EBk bost herrialdetako ordezkariak bidaliko ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake elkarrizketetara
AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz