ANALISIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Albiste benetakoak

Juanjo San Miguel Euskadi Irratiko nazioarteko gaietan adituaren analisia: Egia da munduko gizon boteretsuenak gezur borobilak esaten dituela inongo lotsarik gabe.

Egia eta gezurra bereizteko gero eta zailtasun haundiagoak ditugun sasoi bitxi hauetan, irudiak zuritu eta izenak garbitzeko horrenbeste ahalegin egiten dutenean baten batzuek, errealitateak itxura harrigarriak sortzen dituela, eta gehiago txunditzen gaituela gertatutakoak edo norbaitek adierazitakoak, ametsen edo nahi antzuen mugak gainditu dituzten kontakizunek baino.

Egia da munduko gizon boteretsuenak gezur borobilak esaten dituela inongo lotsarik gabe, presidente eginkizunetan egin dituen hiru urtetan erabat lokaztu duela diplomazia harremanen eremua, ziurgabetasuna bihurtu duela ziurtasuna beharko zukeen guztia eta ez duela inongo eragozpenik izan aliatu leialenei traizio egin eta saltzeko.

Egia da XX. menderarte Europako inperio boteretsuena izan eta gaur egun nazioarteko harremanetan erabakigarria izan nahi duen herrialdeko gobernuburua prest dagoela edozein baliabide erabiltzeko bere helburuak lortzeko. Elkartasuna, joko garbia, besteekiko errespetua, hezkuntza bera ... ez daude bere lehentasunen artean. Pertsona honek 60 milioiren ordezkaritza politikoa du eta ezinbesteko mahaikide izango du Europar Batasunak azken urtetako negoziazio garrantzitsuenetan.

Egia da Hego Amerikako lur aberatseneko arduradun nagusiak esan duela oihan tropikala ez dela garrantzitsua naturaren orekarako, beraiek eskubide osoa dutela basoa ustiatzeko eta hori ukatu edo galarazteko prest dagoenak, jarrera neokolonialista izateaz gain, bulkada makurrenez eraginda hitz egin eta jokatzen duela.

Egia da Europako iragan oparoena duen estatuko ministroak diola kanpotik datozkien etorkinek bertako ogizate gizartea deuseztatuko dutela, lapurrak eta alferrak direla asko eta asko, eta beraiek ez dituztela zergatik itsasoan erreskatatu behar, horrek beste batzuk erakarriko lituzkeelako. Barruko "ezberdinei" buruz berriz, ijitoei buruz, dio han daudela eta ez dutela beste erremediorik han uztea baino.

Egia da Europar Batasuneko herrialde batean sendagileak bizi arteko kartzela zigorra jaso lezakeela, bortxatu duten adingabeari abortatzen laguntzeagatik.

Egia da Nazio Batuetako Segurtasun Batzordean beto eskubidea duten bost herrialdeak, berez, munduan bakea ziurtatzeko ahalmena dutelako hortarako eskumena eskuratu dutenak direla arma ekoizle, saltzaile eta erabiltzaile haundienak.

Egia da Afrikako herrialde askotan derrigorrezkoak dituzten txertoak eta botikak lortzeko ikerketak ez ditugula bultzatzen, ez direlako errentagarriak …

Zure interesekoa izan daiteke

Gaza argazkia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

1.500 haurrek igeriketa-ikastaro doakoen amaiera ospatu dute Gazako itsasoan bainu handi bat hartuz

Astearte honetan, 1.500 haur palestinar elkarrekin sartu dira itsasora Gazako hegoaldeko Mawasi hondartzan udako doako igeriketa-ikastaroak amaitu dituztela ospatzeko. Eskolak Tantesh Akademiak antolatu ditu, eta 1999tik darama haurrei igerian irakasten. Familiak hondartza ondoan kanpin-dendetan eta egoera gogorrean bizi diren arren, akademiak eskolak ematea lortu du, hondartzan bertan behin-behineko igerilekuak eraikita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X