IRUZKINA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Afganistan

Egun hauetan urte bat bete da Estatu Batuek Kabultik ihes egin zutenetik. Afganistan berriro bihurtu da geopolitikaren borroka leku, bertakoen oraina eta etorkizuna inori axola ez bazaio ere.

Egun hauetan urte bat bete da Estatu Batuek Kabultik ihes egin zutenetik. Munduko armada indartsuena, atzean uzten zuenari begiratu gabe arrapataka hegazkinetara igo zen, okupazio urtetan lankide izandakoei jaramonik egin gabe, talibanen mendekuen beldur zirenak babesik gabe utzita. 1975an Saigonen ikusitako irudiak gogora ekarri zizkiguten Kabulgo aireportukoek. Dirudienez inork, ezta jakintsu eta aditu jantzienek ere, ez zuen horrelakorik espero, hain azkar eta era harrigarri horretan, egoera irauli eta 21 urtetan ezer gertatu ez balitz bezala, irteera marrara itzultzea.

Afganistan inperioen hilobi izan dela diote historiagileek. Ziur aski hala da, baina historian zehar bertara joandako beste konkistatzaileek ez zuten estatubatuarrek egindakoaren laurdena ere egingo eta hain emaitza penagarriak izateko. Estatu Batuek eta bere aliatuek Afganistani eraso egitea erabaki zuten, bertan babesa izan zutelako Dorre Bikien aurkako atentatuak egin zituztenak, eta ziur aski eraso horiek bertan antolatu zituztelako. Talibanak botatzea eta gerra irabaztea ez zen zaila izan, baina bakea lortu eta etorkizuna antolatzea ezinezkoa bihurtu zaie ustez herrialde demokratikoa eraikitzera joan zirenei.

21 urte hauetan Estatu Batuek 2 bilioi dolar xahutu dituzte Afganistanen, 300 miloi egunean. Afganistanen inoiz izan den armada zabalena eratu zuten, arma berrienez eta eraginkorrenez hornitu zituzten bertako soldaduak. Eskolak ireki zituzten eta emakumeak gizartean dagokion lekua berreskuratzeko ahalegina egin zuten… baina guztia hondarrezko gaztelua bailitzan egun batetik bestera erori da. Bertakoen eta kanpokoen ustelkeria, gehienen konpromisu falta, sinesmena, denboraz kanpo bizi den zuzendaritza, gaur egungo lorpenak eskuratu nahi dituzten kanpotarrek bultzatuta…

Afganistan berriro bihurtu da geopolitikaren borroka leku, bertakoen oraina eta etorkizuna inori axola ez bazaio ere. Talibanek berriro bandera beltza altxatu eta astindu dute. Hasieran beste zerbait agindu bazuten ere, euren sustraietara itzuli dira, garai ilunenetara, emakumea, eskubideak eta itxaropena existitzen ez diren denboretara. Eta itxuraz irteera marrara itzuli bagara ere, askoz atzerago joan garela esan genezake, zerbait alda zitekeela sinistu, eta berez zerbait aldatu zutenak esku hutsik daudela ohartu direlako. Irakasleak, epaileak, medikuak, beste edozein gizartetan arruntak diren lanbideak izan dituzten emakumeek ihes egin behar dute, harrapatu ezkero zigorra dutelako, "normalak" izaten ausartu zirelako, zer egiteko gai diren erakutsi zutelako.

Putzu beltzetik irteten hasita gero, berriro lokatzera erortzea ez da lehengo lekura itzultzea, egindako ahaleginaren antzutasuna egiaztatzea baizik, etorkizunik ez dagoela jabetzea. Hor erruduna mendebaldea da, askatasuna agindu genielako eta zama astunegia egin zaigunean bakarrik utzi ditugulako. Eta ziur aski, han izandako jokaerak eta azaldutako irudiak eraman zuen Vladimir Putin, garaipena posible zela sinistera.

Zure interesekoa izan daiteke

Iran gizakateak zubia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Irandarrek giza-kateak osatu dituzte zentral elektriko eta zubietan, Trumpen mehatxuen aurrean

Donald Trump AEBko presidenteak Ormuzeko itsasartea irekitzeko emandako epea amaitu baino ordu batzuk lehenago, Irango herritarrak kalera irten dira eta giza-kateak osatu dituzte zentral elektriko eta zubietan. Irango banderak, erresistentziarako deia egiten duten kartelak edota liderren argazkiak hartuta, azpiegitura publikoak erasotzea gerra-krimena dela salatu dute.

WASHINGTON (United States), 06/04/2026.- US President Donald Trump, along with Secretary of Defense Pete Hegseth (2-L), Chairman of the Joint Chiefs of Staff General Dan Caine (R), and CIA Director John Ratcliffe (L), briefs the media on Iran from the White House in Washington, DC, USA, 06 April 2026. EFE/EPA/JIM LO SCALZO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"

Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute bizia arriskuan jarri nahi.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X