Zelenskik Frantziarekin, Erresuma Batuarekin eta Alemaniarekin koordinatuko du Trumpi emango dion erantzuna
Ukrainako presidenteak ziurtatu duenez, talde diplomatikoak lanean ari dira jasotako dokumentuaren inguruan. Negoziatzeko prest agertu da, baina argi utzi du dokumentuak jasotzen dituen xedapenak "asko alda daitezkeela".
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Frantziako, Erresuma Batuko eta Alemaniako buruzagiekin telefonoz hitz egin ostean esan duenez, haiekin koordinatuko du AEBk ostegunean eman zion bake planari emango dion erantzuna.
"Modu estuan koordinatzen ari gara, gure printzipioak aintzat hartzen direla ziurtatzeko. Hurrengo urratsak koordinatzen ari gara, eta gure taldeek, dagokien mailan, elkarrekin lan egingo dutela adostu dugu", idatzi du Ukrainako presidenteak sare sozialetan. Zelenskik esan duenez, bai berak, bai Macronek, Starmerrek zein Merzek asko estimatzen dituzte Donald Trumpek gerra amaitzeko egindako ahaleginak.
Zelenskik bake plana "benetakoa eta duina" izatea nahi du, eta estatubatuarrek prestatutako dokumentuarekin lanean ari direla ziurtatu du. Hala, Andri Sibiga Atzerri ministroarekin eta talde diplomatikoarekin bildu da eta eskatu die Ukrainaren interesak bazkideekin dituzten harremanetan, maila guztietan, kontuan hartzen direla bermatzeko lan egin dezatela.
Zelenskik azpimarratu duenez, une honetan bilerak , deiak eta lana daude Trumpek proposatutako bake planaren puntuen inguruan. Eta bertan jasotako xedapenak "oraindik asko aldatu" daitezkeela ohartarazi du.
Izan ere, dokumentuak Kievek onartezintzat jotzen dituen hainbat proposamen jasotzen ditu; hala nola, oraindik kontrolatzen duen Donbaseko ekialdeko eskualdetik tropak erretiratzeko exijentzia edo gerra ostean bere armada 600.000 pertsonatik gorakoa ez izatea. Hala eta guztiz ere, Zelenski prest agertu da plana negoziatzeko , eta datozen egunetan Trumpekin hitz egitea espero du.