Goi-bilera Japonian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Errusiari presio egiteko eskatu diote G7ko buruzagiek Txinari, Ukrainako gerra amai dadin

Halaber, hainbat neurri hartuko dituztela iragarri dute, "hornidura-kate kritikoetan Txinarekiko gehiegizko dependentziak murrizteko helburuarekin". Dena dela, Txinarekin sinatutako merkataritza-akordioak bertan behera utzi gabe.
G7ko buruzagien goi-bilera, Japonian. Argazkia: EFE
G7ko buruzagien goi-bilera, Japonian. Argazkia: EFE

G7ko buruzagiek Errusiari presio egiteko eskatu diote Txinako Gobernuari, Ukraniako guerra amai dadin. Larunbat honetan argitaratutako ohar batean, Pekinekin akordioak mantentzeko nahia azpimarratu dute, eta hainbat neurri hartuko dituztela iragarri dute, "hornidura-kate kritikoetan gehiegizko dependentziak murrizteko helburuarekin". Hori guztia, Txinarekin sinatutako merkataritza-akordioak bertan behera utzi gabe.

Gainera, "nazioarteko foroetan inplikazio gehiago" izateko eskatu diote munduko zazpi ekonomia nagusietako buruzagiek Txinari, hala nola, ingurumenaren babesarekin lotutako topaketetan, merkataritza foroetan edo nazioarteko gatazkei buruzko goi-bileretan.

Buruzagiek, adostutako ohar batean azpimarratu dutenez, ikuspegi politiko horiek "ez daude Txina kaltetzeko asmoz prestatuta, eta ez dute herrialde horren aurrerapen eta garapen ekonomikoko ahaleginak zapuztea bilatzen". Nolanahi ere, zehaztu dute G7ak "arriskuak murrizteko eta dibertsifikatzeko" bidea hartzea aurreikusi duela, eta neurri zehatzak hartuko dituzte horretarako.

"Txinaren aurka liskarra sortzea" leporatu dio Pekinek G7ri

Testuinguru horretan, "herrialdea manipulatzea", "Txinaren aurkako liskarra sortzea" eta "merkatu ekonomiaren printzipioei muzin egitea" leporatu dio Pekinek G7ri, Txinak Erresuma Batuan duen enbaxadako bozeramailearen adierazpen batean.

"G7ko kide batzuek ez dituzte aintzat hartzen merkatu-ekonomiaren eta bidezko lehiaren printzipioak, eta arrazoirik gabe zapaltzen dituzte enpresa txinatarrak. Txina ez dago konforme ohar horrekin, eta adostu dituzten erabaki horien kontra dago", adierazi du bozeramaileak.

Horrez gain, "hertsapen ekonomikoa" egitea eta "segurtasun nazionalaren kontzeptua orokortzea" leporatu dio Txinak Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuari, "esportazioak kontrolatzeko neurriez baliatuz eta beste herrialde batzuetako enpresen aurkako jokabide diskriminatzaile eta bidegabeak hartuz".

Txinak Erresuma Batuan duen bozeramaileak sinatutako testuak azpimarratzen duenez, Pekin beti saiatu izan da "gatazkak modu baketsuan konpontzen, zuzenean inplikatutako herrialdeekin negoziatuz eta kontsultatuz. Prest gaude herrialde guztiekin lan egiteko, baita eskualdeetako bakeari eta egonkortasunari eusteko ere".

Zelenski, munduko buruzagien goi-bileran

Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Hiroshimara (Japonia) iritsi da gaur, G7ko herrialdeen bileran parte hartzeko, eta bertaratutako hainbat agintarirekin ere aldebiko bilerak egitea aurreikusten da.

"Japonia, G7. Bilera garrantzitsuak Ukrainako bazkide eta lagunekin. Segurtasuna eta lankidetza hobetua gure garaipenerako. Bakea hurbilago geratuko da gaur ", jakinarazi du Twitterren.

Hauek dira adostutako adierazpenaren gakoak: 

- Ukrainako gerra deitoratzen dutela berretsi dute buruzagiek, nazioarteko ordenarentzat "mehatxua" baita.

- Kiev behar den denboran babesten jarraitzeko konpromisoa hartu dute, ikuspuntu diplomatiko, finantziario, militar zein humitariotik aztertuta.

- Ukrainako gerran bitartekari izan dadila eskatu diote Txinari, Errusiak bere tropak berehala atera ditzan ondoko herrialdeko lurraldetik eta gatazka eten dezan.

- "Kezka larria" agertu dute Iranek bultzatutako jarrera batzuekin, batez ere drone armatuak Errusiari transferitzeagatik.

- "Inolako justifikaziorik ez duten" subiranotasun-eskaerak bertan behera uzteko eskatu diote Txinari, Ekialdeko Txinako itsasoa aipatuz, eta Taiwanen inguruko tentsioak bide baketsutik konpontzeko.

- Txinarekin akordio aurrerakoiak eraikitzeko deia egin dute, Pekinen "gehiegizko dependentziak" murriztu arren.

- Txinak nazioarteko "merkataritzatik kanpoko jardunbideen bitartez" esportatzeko duen gaitasnarekin kezkatuta agertu dira, 

- Portaera gaiztoak indargabetzeko konpromisoa hartu dute, hala nola, legez kanpoko teknologiaren transferentzia edo datuen zabalkundea bultzatzea.

- Arma nuklearrik gabeko mundua lortzeko konpromisoa berretsi dute.

- Ongietorria eman diete erabilera militarra izan dezaketen materialen eta teknologien esportazio arduratsu eta eraginkorrerako emandako pausoei.

- Ipar Koreari zigor gehiago ezartzeko eskatu diote Nazio Batuen Erakundeari, 2022an misilak "inoiz ez bezala" jaurtitzeagatik.

- Banku-digitalizazioaren eta kriptoaktiboen gorakadaren aurrean, finantza-egonkortasuna bermatzeko "beharrezko neurriak" hartzeko konpromisoa hartu dute.

- Gaur egun dagoen inflazio-tasa altua murrizteko helburuarekin, herrialde horietako banku zentralek beharrezko neurriak hartzeko hitza eman dute.

- Zorrak dituzten ekonomia txiki eta ertainei babesa adierazteko prest agertu dira, ekonomia berpiztu nahian.

- Krisi humanitarioei aurre egiteko 21.000 milioi dolar bideratzeko konpromisoa hartu dute, hala nola elikagaien hornidura-arazoei eta emakumeen kalteberatasunari aurre egiteko.

- Hornidura-kateak berrikusteko beharrarekin bat egin dute, erresilienteagoak, askotarikoagoak eta bidezkoagoak izan daitezen.

- Susperraldian dauden potentziekin dituzten aliantzak indartzearen alde agertu dira, hornidura-kateen egitura berri hori eraikitzen laguntzeko eta garatzen laguntzeko.

- Adimen artifizial sortzaileentzako arau-esparru bat sortzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute, azkar hedatzeak dakartzan arriskuak saihesteko.

- Parisko Akordioaren konpromisoari tinko eutsiko diotela hitzeman dute, mundu osoko tenperaturaren igoera 1,5 ºC-ra mugatuz.

- Eraldaketa berdea bultzatu eta 2050erako berotegi-efektuko gasen emisioak amaitutzat eman nahi dituzte.

- Errusiaren inbasioak eragindako egungo energia-krisiari aurre egiteko, energia-segurtasuna, klima-krisia eta arrisku geopolitikoak batera lantzeko konpromisoa hartu dute.

- Erregai fosilen deuseztapena azkartzeko konpromisoa azpimarratu dute.

- Munduko elikadura-segurtasuneko arazoei aurre egiteko ahaleginetan jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

- Etorkizuneko osasun-larrialdiei aurre egiteko munduko osasun-sistema bat sortzeko konpromisoa berritu dute, sor litezkeen pandemiei aurre egiteko eta haien eragina murrizteko.

- Mundu osorako balioko duen osasun-asistentziaren bitartez bizi-itxaropenaren beherakadari aurre egiteko konpromisoa hartu dute.

- Genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko konpromisoa adierazi dute.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X