Libanon esku-hartze militarrik ez egiteko eskatu dio Europar Batasunak Israeli: "Krisia larrituko luke"
Europar Batasuneko Atzerri ministroek ezohiko bilera telematikoa egin dute arratsaldean, Libanoko krisia aztertzeko, Israelek azken egunetan egindako bonbardaketak tarteko. Amaitutakoan, Josep Borrell Europar Batasuneko goi-ordezkariak "Libanon esku-hartze militarrik ez egiteko" eskatu dio Israeli. Izan ere, Libano hegoaldean eta Beirut hiriburuan azken egunetan milaka baja zibil eragin dituzte Israelek bonbardaketa bidez eta egoera larria da.
"Edozein esku-hartze militarrek egoera larriagotu egingo du, eta saihestu egin behar da", ohartarazi du Borrellek, Mexikon dagoela.
Estatu Batuek ere Libanon lurreko erasorik ez egiteko eskatu diote Israeli, horrek asmo hori agertu ostean. EBko Kanpo Arazoetako arduradunak gogorarazi duenez, Israelek Hezbollahko buruzagitzaren aurka egin bazituzten ere erasoak, biktima zibil ugari eragin dute: "Biktimen kopuru handia ezin da ahaztu", esan du.
"Armak isilarazi egin behar dira, eta diplomaziaren ahotsa gailendu behar da. Hezbollahren aldekoek bertan behera utzi behar diote suziriak jaurtitzeari eta Israelen zein Libanoren subiranotasuna bermatu behar da", azpimarratu du Borrellek. Horregatik, su-etena eskatu du, Ekialde Hurbilean erabateko gerra saihesteko.
Era berean, Nazio Batuen ebazpenak erabat eta simetrikoki aplikatzeko konpromisoa hartu beharko luketela alde guztiek esan du Borrellek.
EBko herritarrak Libanotik ebakuatzeko aukerari dagokionez, Borrellek adierazi du kontsulak euren artean nahiz beste herrialdeetakoekin koordinatuta daudela, larrialdiko operazio bat egin behar izanez gero, baina ez du xehetasun gehiago eman.
Libanoko krisi humanitarioaren aurrean, Europar Batasunak dirulaguntza gehiago mobilizatuko duela aurreratu du EBko goi-ordezkariak.
Ekialde Hurbilerako hegaldirik ez hartzeko gomendatu dute
Era berean, Europako Batzordeak eta Europar Batasuneko Aire Segurtasunerako Agentziak (EASA) Israelera eta Libanora hegaldirik ez egitea gomendatu dute, urriaren 31ra arte, gutxienez. EASAk baieztatu du egoera gertutik zaintzen jarraituko duela, zein norabide hartu erabakitzeko.
Hezbollah, "lurreko borrokaldi baterako prest"
Bonberdaketak ez dira eten azken egunotan, eta, atzo ehun pertsona baino gehiago hil ziren, Israelen bonbardaketek eraginda. Astebete pasatxoan, 1.000 hildako izan dira, gutxi gorabehera, eta 6.000 zauritu baino gehiago, Libanoko Gobernuaren arabera.
Astelehen honetan, Israelgo Armadak Beirut erdigunea bonbardatu du, estreinakoz. Testuinguru horretan Naim Qassem Hezbollahko idazkariorde nagusiak adierazi duenez, talde xiita "etsaiarekin lurreko borrokaldia izateko prest dago" eta esan du Hassan Nasrallah idazkari nagusiaren ondorengoa "lehenbailehen" aukeratuko dutela eta Israelen aurkako borrokarekin aurrera jarraituko dutela.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte