Libanon su-etena ezartzeko akordioa, Israelek Gaza kolpatzen jarraitzen duen bitartean
Israelgo Gobernuak Hezbollah talde xiitarekin su-eten akordioa egitea onartu du gaur arratsaldean, Libanoko eta Israelgo hedabideek baieztatu dutenez. Menia asteazken honetan sartuko da indarrean, 10:00etan (08:00ak Euskal Herrian).
Segurtasun Kabinetea, Israelgo ministro nagusiak eta segurtasun eta inteligentzia buruziak biltzen dituena, Tel Aviven batzartu da arratsaldean akordioa onartzeko. Akordio horrek ez du Gazako egoera aipatzen, eta, beraz, Israelgo Armadak etengabe erasotzen jarraitzen du Zerrendan.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak dagoeneko ohartarazi du Israelek "ekintza askatasuna" mantenduko duela Hezbollahk akordioa urratzen badu. "Su-etenaren iraupena Libanon gertatzen denaren araberakoa izango da, eta guk eskuak aske izango ditugu", adierazi du agintariak agerraldi batean.
"AEBekin ados, ekintza militarrerako askatasun osoa mantentzen dugu. Hezbollahk akordioa urratzen badu eta armatzen saiatzen bada, eraso egingo diogu. Azpiegitura terrorista berritzen saiatzen bada mugatik gertu, eraso egingo diogu. Kohete bat jaurtitzen badu, tunel bat zulatzen badu, kamioi bat misilekin ekartzen badu, eraso egingo diogu", ziurtatu du Netanyahuk.
Israelek Libanon egindako bonbardaketek 3.500 hildako baino gehiago utzi dituzte azken urtean, baita 1,2 milioi pertsona behartuta desplazatu ere. Israelen, 78 pertsona hil dituzte (horietatik 47 zibilak), eta beste 60.000 inguru Hezbollahrekin izandako borroken ondorioz lekualdatu dira.
Hona hemen akordioaren puntu nagusiak:
- Israelek eta Hezbollahk Libano hegoaldearen armagabetzea onartu dute 60 eguneko hasierako fasean. Fase horretan, tropa israeldarrak erretiratu egingo dira eta Hezbollahk Litani ibaiaren iparraldera egingo du atzera, 2006ko gerraren ondoren NBEren Segurtasun Kontseiluaren 1701 Ebazpenak ezarritako Lerro Urdinetik soldaduak zein milizianoak erretiratuz.
- Ondoren, Libanoko Armadak milaka soldadu zabalduko ditu eremu horretan. Israel Hayom egunkari israeldarrak azaldu duenez, AEBko Komando Zentralaren agindupeko tropek (Centcom) Israelgo eta Libanoko indar armatuen arteko harremanak ikuskatu eta koordinatuko dituzte akordioaren lehen egunetan.
- NBEk Libanon duen bake-misioak, UNIFILek, lurraldea husteko lanean parte hartuko du. Azken hilabeteetan kasko urdin batzuk zauritu dituzte gatazkan, gehienak Israelek egindako erasoetan.
- Frantziako tropak ere inplikatuta egongo dira ikuskatze-lan horretan.
- Akordioak nazioarteko erakunde bat sortzea ere aurreikusten du, AEB buru izango dituena, su-etena betetzen dela ikuskatzeko. Erakunde horretan beste lau herrialde ere egongo dira: Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta, ziurrenik, bosgarren herrialde arabiar bat.
- Armagabetzearen 60 eguneko epea amaitzean, Israelek eta Libanok bi herrialdeen arteko muga negoziatu beharko dute; izan ere, gaur egun banalerro bat dago, Lerro Urdina, NBEk 2006ko gerraren ondoren finkatutakoa.
"Ekintza-askatasuna" akordioaren osagai eztabaidagarrienetako bat zen, eta Libanoko Gobernua eta Hezbollah horren aurka zeuden erabat, baina Israel prest agertu da Washingtonen konpromiso-gutun bat sinatzeko.
Akordioari buruzko ahots kritikoei dagokienez, hau da, eskuin muturreko gobernukideek edo Israel iparraldeko alkateek, ebakuatutako biztanleek beren etxeetara itzuli ahal izateko segurtasun bermerik ematen ez den beldur, Netanyahuk agindu du tropak Libanora sartuko direla berriro, beharrezkoa bada.
Lehen ministroak uste du Libanoko su-etenerako "une egokia" dela, hiru arrazoirengatik: Iranen mehatxuan arreta jartzeko, indarrak erabat berritzeko eta Hamas isolatzeko.
"Gerraren bigarren egunetik, Hamas Hezbollahren ondoan jarri zen berarekin borrokatzeko. Eta Hezbollah agertokitik kanpo geratzen denean, Hamas bakarrik geratuko da. Gure presioa areagotu egingo da, eta horrek bahituak askatzeko misio sakratuari lagunduko dio", esan du Netanyahuk.
Netanyahuk Libanon helburuak lortu dituztela ziurtatu du; izan ere, hezbollah erakundea bururik gabe uzteaz gain (bere buruzagitza osoa hil du, Hasan Nasrala barne), "milaka urte" atzera eginarazi dio, armategi eta lurpeko azpiegitura gehienak suntsitu ostean.
Itxaropenik ez Gazan
Bitartean, Gazan erreskate-anbulantzien ardura duten Defentsa Zibileko taldeek 35 bat egun daramatzate Beit Lahia, Beit Hanoun eta Yabalia iparraldeko hirietan sartu gabe. Bertan, Israelek 2.300 palestinar baino gehiago sarraskitu ditu 52 eguneko bonbardaketa eta setio militarrean.
Giza eskubideen aldeko taldeek uste dute hori iparraldea "garbitzeko" eta biztanleria zibilaren desplazamendua behartzeko saiakera bat dela, eremu hori indar okupatzaileak har dezaten prestatzeko, Tel Aviveko Gobernuko alderdi ultraeskuindarrek argi eta garbi eskatzen duten bezala. Libanon su-eten bat egotea Netanyahuren "kontzesioa" izan liteke, bete tropak Zerrendan egon daitezen.
Gaur gutxienez hamaika pertsona hil dituzte Israelek Al Hurriya eskolaren aurka egindako bonbardaketan. Gaza Hiriaren hegoaldean dago. Defentsa Zibileko taldeek hondakinen artean biktimak ateratzen jarraitzea azail ikusten dute, oraindik zartarazi gabeko lehergailu bat dagoelako. Irailaren 21ean, Al Hurriya eskola bera Israelen bonbardaketa baten jomuga izan zen, eta orduan 44 pertsona hil zituzten, haurrak barne, tokiko iturrien arabera.
Gainera, Defentsa Zibilak salatu duenez, ezein ibilgailuk ezin du lan egin Gazako hiriburuan, Israelek erregaia sartzen uzteari uko egin diolako, eta hori "heriotza-zigorra da bertako herritarrentzat".
Gazako Zerrendako agintarien arabera, gutxienez 44.250 pertsona inguru hil ditu Israelek gatazka areagotu zenetik. Gazako buruzagiek behin baino gehiagotan gogorarazi dute gutxienez 10.000 pertsona desagertuta daudela. Bestalde, bigarren ohar batean adierazi duenez, 1.410 familia "erabat garbitu" dituzte 2023ko urriaren 7tik, kide bat bera ere ez baitute bizirik.
Azkenik, azpimarratu du Israelen tropek 7.160 sarraski egin dituztela erasoaldia hasi zenetik, eta gaineratu du 3.463 familia palestinarrek bizirik dirauten kide bakarra dutela Israelen erasoen ondorioz.
Zure interesekoa izan daiteke
AEBk ofizialki onartu du "espazioa kontrolatzeko" armak zabalduta dituela orbitan
AEBko agintariek azpimarratu dute gaitasun horrek herrialdea "defendatzeko" aukera ematen duela, euren "aurkako erasoen" aurrean.
AAren arriskua "gezurra" dela esan du Trumpek, eta klima aldaketaren "iruzurraren" pare jarri du
"Duela gutxi esaten zuten mundua desagertuko zela 'klima aldaketagatik'. Gezur horrek ez zien inoiz funtzionatu, eta orain hurrengoaren bila doaz", adierazi du AEBko presidenteak.
Nazio Batuen Erakundeak adimen artifiziala gobernatzeko eskatu die Estatuei eta enpresei: "Giza eskubide guztiak arriskuan daude"
Anthropic, OpenAI eta Google AA autoerregulatzeko segurtasun erakunde bat sortzea aztertzen ari dira, The Washington Post egunkariaren arabera. Donald Trumpek adierazi duenez, berriz, "AAk behar duen kontrol edo segurtasun mekanismo bakarra ni bezalako presidente indartsu eta argia da".
Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak akordio historiko bat sinatu dute autodeterminazioaren alde
Cardiffen, Galesko hiriburuan egindako bileran independentziari buruzko erreferendumaren alde egiteko estrategia bateratua iragarri dute hiru buruzagiek.
Zentro-ezkerreko oposizioak garaipen estua lortu du Suedian, baina emaitza ez da ziurra oraindik
Hiru eserlekuren aldea baino ez du, 176 173ren kontra, eta ostiralerako espero da behin betiko emaitza, atzerritik iritsitako botoak zenbatuta. Ultraeskuinak indarra galdu du, eta Alderdi Kontserbadorearen atzetik geratu da.
Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako liderrek independentziaren aldeko memorandum bat sinatuko dute gaur
Trumpek Irlandaren bateratzea laster gertatuko dela esan eta biharamunean iritsi da iragarpena. AEBko presidentearen adierazpenak oso kritikatuak izan dira Erresuma Batuan.
Zentro-ezkerreko oposizioko blokeak irabazi ditu Suediako hauteskundeak, inkesten arabera
Zentro-ezkerrak botoen % 51,3 eskuratu ditu eta Ulf Kristersson lehen ministro kontserbadoreak, berriz, % 46,8, SVT telebista publikoak egindako inkesta baten arabera.
AEBko Kongresuko demokratek IAren garapena geldotu nahi dute, sektoreko buruen alarmaren ostean, baina Trumpek esan du ez dela "gertatuko"
Asteartean bilera egingo dute Behe Ganberako demokratek, eta bertan "lehentasun garrantzitsu bat adimen artifizialaren inguruko ekintza izango da", aurreratu dute.
500 kolono israeldar inguru sartu dira Al Aksa meskitara juduen Urteberriko ospakizunetan
1967tik indarrean dagoen statu quoaren arabera (Israelek Ekialdeko Jerusalem okupatu zuenean), esparru hori musulmanen gurtzarako baino ez da, eta juduak bisitari gisa baino ezin dira sartu.
Ukrainak eta Errusiak elkarri eraso diote: bi pertsona hil eta dozenaka zauritu dira
Ukrainako indarrek Errusia ipar-mendebaldean eragin dituzte bi heriotzak, Nizhnekamsk udalerrian. Moskuk droneak erabiliz eraso dio Kievi, eta gutxienez bost lagun zauritu ditu. AEBren arabera, baina, bi herrialdeek nahi dute gatazka konpondu.