Islamarekin kritikoa den mediku saudiarabiar bat da Magdeburgeko gabon azokako atentatuaren ustezko egilea
Nancy Faeser Alemaniako Barne ministroak baieztatu duenez, Magdeburgeko harrapaketaren ustezko egilea "islamofoboa da, argi eta garbi". Sarraskia izan eta gutxira atxilotu zuten susmagarria.
Alemaniako segurtasun-iturrien esanetan, Taleb Al Abdulmohsen da atxilotua, 50 urteko mediku saudiarabiarra, psikiatrian eta psikoterapian espezialista, eta bizileku-baimen iraunkorra du, 2016an errefuxiatu gisa onartua izan ondotik Alemanian.
DPA agentziaren arabera, duela urtebete inguru gizon honi buruzko ohartarazpena igorri zitzaien Alemaniako agintariei, horren joera erradikalagatik. Antza denez, Islamarekiko kritikoa den ekintzaile gisa aurkeztu zuen bere burua, "musulman ohi" gisa definituz.
Der Spiegel aldizkariak eta Frankfurter Rundchau egunkariak, besteak beste, zabaldu dutenez, atxilotuak fede musulmana utzi zuenetik bat egin du ultraeskuinaren mezurik erradikalenekin, Alemaniarako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarraren aldekoa da, eta Alemaniako Gobernuari mugimendu islamiarraren konplize izatea egozten dio, eta Angela Merkeli Europa islamizatzeko balizko plan batekin bat egitea.
2006an iritsi zen Alemaniara
Atxilotua 2006an iritsi zen Alemaniara, ikasle gisa, eta asiloa jaso zuen 2016ko uztailean, Islametik aldentzeagatik heriotza-mehatxuak jaso ondoren. Psikiatra gisa egiten zuen lan, eta Bernburgen bizi zen, 32.000 biztanleko hirian.
Ekintzaile gisa, Saudi Arabiako emakumeei euren herrialdetik ihes egiteko aukerei buruzko informazioa eta aholkuak ematen zizkien, eta Alemaniako asilo-sistemari buruzko informazioa biltzen zuen webgune bat zuen.
2009an Frankfurter Rundschau egunkariari emandako elkarrizketa batean esan zuen Saudi Arabiako emakume askok jotzen zutela berarengana babes bila, mendean zituen gizonak bortxatu ondoren. Alemaniako asilo-sistema emakume horientzat askatasunerako bidea zela esan zuen elkarrizketa horretan.
Urte bereko beste elkarrizketa batean, Frankfurter Allgemeine egunkarian, "Islamaren historiako kritikari handiena" bezala definitu zuen bere burua.
Une jakin batetik aurrera, Islamarekiko hartutako distantziak Alemaniako migrazio-politikaren aurkako jarrera zuzena izatera eraman zuen. Azaroan X sare sozialean mezua argitaratu zuen "Saudi Arabiako oposizioaren lau eskakizunekin", eta bertan esan zuen Alemaniak legez kanpoko migraziotik babestu behar zituela bere mugak. Gainera, Europa islamizatzeko plan bat izatea leporatu zion Merkeli.
Sare sozialetako beste mezu batzuetan, AfD goraipatu zuen Alemanian Islamari aurre egiten dion alderdi bakarra dela esanez, eta AfDrekin batera, musulman ohientzako akademia bat sortu nahi zuen Alemanian, Der Spiegelen arabera.
X sareko bere profilean argitaratu zuen biografian, "Alemaniak Europa islamizatu nahi du" esanez amaitu zuen testua.
Duela astebete, AEBko blog islamofobo baten bidez, bere elkarrizketa bat zabaldu zuen. Bertan esan zuen Alemaniako Estatuak operazio sekretu bat zuela Saudi Arabiako musulman ohiak mundu osoan jazartzeko, eta, aldi berean, asiloa ematen ziela jihadista siriarrei. Ezabatu egin zuen, baina beste mezu batean mendekua iragarri zuen, berriro, Die Welt egunkariaren arabera.
Azken asteetan ez du lanik egin, eta bajan egon da, Magdeburger Zeitung egunkariaren arabera.
Bost hildako eta 200 zauritu
Alemaniako agintariak erasoa izan zen lekuan izan dira gaur goizean. Inguruan, dozenaka herritarrek kandelak, loreak eta mezuak utzi dituzte biktimen omenez.
Bost dira jada Magdeburgeko (Alemania) gabonetako azokan izandako harrapaketan hildakoak, eta zaurituak 200 baino gehiago dira, dozenaka zauritu larri tartean.
Hildakoen artean gutxienez adingabe bat dagoela jakinarazi zuen Reiner Haseloff Saxonia-Anhalteko lehen ministroak erasoa gertatu zen lekuan bertan.
19:00ak pasatxo zirenean izan zen erasoa. Erasotzaileak gabonetako azoka zeharkatu zuen, 400 bat metroan jendea aurrean eramanez, Municheko matrikula zuen alokatutako auto batekin.
Duela 8 urte, 2016ko abenduaren 19an, kamioi batek azoka baten aurka egin zuen Berlinen, eta 13 pertsona hil zituen. Erasotzaileak Italiara ihes egin zuen, eta Poliziak tiroz hil zuen bertan.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak erasoa "izugarrikeria" izan dela salatu du, eta une honetan "batuta" egoteko deia egin die alemaniarrei. Scholzek esan du Alemaniak batuta egon behar duela gertatutakoaren aurrean, eta ez duela utzi behar gorrotoa nagusitzen eguneroko bizitzan.
"Ez dago bakea gabonetako azoka txiki batek bezainbeste ordezkatzen duen lekurik. Zer ekintza barbaroa den bertara jendea hiltzera joatea", esan du Scholzek atentatua izan zen lekuan bertan, Reiner Hasseloff Saxonia-Anhalt estatu federatuko lehen ministroa ondoan zuela. "Une honetan elkartuta egon behar dugu, ezin gara gorrotoan erori", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Aagesenek Italiari ohartarazi dio Schengen eremua bermatuta dagoela
Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du Ceutan sartutako migratzaileetako bat ere ez dela penintsulara iritsi.
Israelek baztertu egin du Trumpen Gazarako 15 puntuko plana
Netanyahuk esan du Hamas erabat armagabetu arte Israelgo Armadak ez duela Gazatik alde egingo, eta baztertu egin du Palestinako Estatua sortzea.
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.