Kaos instituzionala Polonian, Auzitegi Konstituzionalean piztutako zilegitasun-gatazka dela eta
Donald Tusk lehen ministroa eta Karol Nawrocki herrialdeko presidentea aurrez aurre, Poloniako Auzitegi Konstituzionaleko epaileak berritzeko prozesuan. Ostiralean, suspendituta geratu zen Auzitegiko presidentea, eta horrek krisi sakona eragin du.
Poliziak Auzitegi Konstituzinalerako sarrera zaintzen. Argazkia: EFE
Krisi instituzional sakona bizi dute Polonian, Auzitegi Konstituzionalaren (KA) inguruan izandako azken erabakiek tentsio handiko gaua ekarri eta gero.
Erakundean banaketa nabarmena dago Donald Tusk lehen ministroaren gehiengo parlamentarioak aukeratutako epaileen eta Karol Nawrocki presidenteak babesten duen zuzendaritzaren artean.
Tusken Gobernuak Auzitegi Konstituzionaleko sei kide berri izendatu ditu azken hilabeteotan, baina Nawrockik horietako biri zin egitea baino ez du onartu.
Atzo, ostirala, Anna Korwin-Piotrowska Auzitegi Konstituzionaleko epaileak Bogdan Swieczkowski Auzitegi horretak presidentea eta haren ondokoa, Bartlomiej Sochanski, alde bakarrez eta hilabetez suspenditu zituen.
Epaileak berak eskatuta, egoitzan sartu zen gero Polizia, eta bart gauetik etenda dute presidenteak eta presidenteordeak barrura sartzeko eskubidea. Kanpoan, ehunka manifestari daude eraikinaren sarreran, protesta egiten.
Liskarrak
Erabakia jakitera eman bezain pronto, istiluak eta liskarrak izan dira gauean, agenteen eta oposizioko diputatu eta manifestari talde baten artean, Auzitegi Konstituzionalaren sarreran.
Nawrocki presidenteak Senegalera egiten ari zen bidaia ofiziala eten, eta Poloniako hiriburura itzuli zen. Gauerdia pasata sartu zen Auzitegi Konstituzionalera, Auzitegi Goreneko lehen presidente Zbigniew Kapiskirekin batera.
Bertan, “ordena konstituzionalaren urraketa” eta “Estatuko organo konstituzional bat indarrez hartzea” salatu zituen, eta larunbat honetarako premiazko kontsultak deitu zituen indar parlamentarioekin.
Auzitegi Konstituzionaleko presidentea kargutik kentzeko erabakia
Korwin-Piotrowska epaileak uste du Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak ez duela zilegitasunik, legea urratu duelako, Parlamentuak aukeratutako epaileak sistematikoki blokeatzeagatik. Gogorarazi du Konstituzio Auzitegiari buruzko 2016ko legearen 12.4 artikuluaren arabera, presidenteak ezin badio beste epaile bati auzitegia zuzentzeko baimena eman, antzinatasun handiena duen magistratuak hartuko duela bere gain eginkizun hori.
Hala, epaileak dio presidentea kargutik kendu zuenez, hark ezin izan duela eskuordetu, eta, ondorioz, berak hartu dezakeela ardura hori, Konstituzio Auzitegiko kide izendatu aurreko jarduera juridikoko urteak zenbatuta.
Aitzitik, kontrakoek epaile horren beraren zilegitasuna kolokan jarri dute. Alde batetik, badagoelako Auzitegi Konstituzionaleko beste epaile bat, Wojciech Sych, Auzitegi horretako kide gisa denbora gehiago daramana. Eta bestetik, Nawrocki presidenteak ez diolako Korwin-Piotrowskari zin-egitea onartu, eta Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen eta zuzendaritzaren arabera, baldintza hori beharrezkoa da epaile hautatu batek kargua har dezan.
Bestalde, legelari poloniar batzuen arabera, epaile indibidual batek ezin du bere epaimahaiko lehendakaria bertan behera utzi, eta erabaki hori Auzitegi horretako Batzar Nagusiari dagokio.
Tusk lehen ministroak, berriz, defendatu du Auzitegi Konstituzionaleko magistratu berriak "Konstituzioaren arabera" aukeratu zituztela, eta Nawrocki presidenteak bere betebehar konstituzionalak "alde batera" uzti zituela horiei zin egitea ukatuta.
Poloniako defentsa ministroa larunbateko premiazko bilerara iristen. Argazkia: EFE
Gatazka legaletik krisi instituzionalera
Ostiralean piztu zen krisiak aurreko Gobernuaren erreforma judizialean du jatorria. PiS alderdi ultrakontserbadore eta nazionalistak egindako erreforma hori dela eta, 2015 eta 2023 artean, bere ideologiarekin bat egiten zuten epailez bete zuten Konstituzio Auzitegia.
Nazioarteko erakunde juridikoek oso zalantzan jarri zituzten erreforma horiek, Veneziako Batzordeak, Bruselak eta EBko Justizia Auzitegiak, esate baterako. Izan ere, aldaketa horiek "Poloniako Botere Judizialaren independentzia kolokan" jartzen zutela uste zuten.
Europar Batasunaren historian lehen aldiz, EBko Tratatuaren 7. artikuluaren prozedura aktibatu zuen Bruselak 2017ko abenduan, "Poloniako Botere Judizialaren gaineko kontrol politikoaren ondorioz Zuzenbide Estatua larriki urratzeko arrisku argia" zegoela iritzita.
Gainera, EBko Justizia Auzitegiak egunero milioi bat euro ordaintzeko isuna ezarri zion Poloniari, Auzitegi Goreneko Diziplina Ganbera mantentzeagatik, Gobernuak epaileak nahi bezala kontrolatzeko eta kargutik kentzeko tresnatzat jo baitzuen.
Egungo Gobernua Auzitegia berritzen eta haren zilegitasuna berrezartzen saiatzen ari da, baina presidentearen eta zuzendaritzaren erresistentziarekin talka egin du.
Tusk lehen ministroak zuzenbide estatu plana aurkeztu zuen 2024ko otsailean, eta hori ontzat emanda, Europako Batzordeak atxikitako Europako funtsak desblokeatu zituen eta 7. artikuluaren prozedura itxiko zuela iragarri zuen 2024ko maiatzean, plana garatuz gero, ez zegoela urraketa larrirako arrisku argirik iritzita.
Hala ere, Tusken planak oztopo legalak baino ez ditu jaso, eta Konstituzio Auzitegia blokeo egoeran dago. Kideek zilegitasuna ukatzen diete elkarri eta horrek ekarri du, azkenean, krisi hau.
Lech Walesak Tusk babestu du
Lech Walesa Poloniako presidente ohi eta 1990eko hamarkadako trantsizio politikoaren sinboloak babesa agertu dio publikoki Donald Tusk lehen ministroari.
"Tusk lehen ministroa, ez dugu beste aukerarik. Gure aberriak behar gaitu! Zure ondoan nago, edozein egoeratan ", idatzi du Walesak sare sozialetan. "Gure aliatuei dei egiten diet gure ahaleginak babes ditzaten!", gaineratu du buruzagi politiko beteranoak.