MOBILIZAZIOAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Frantziako herritarrek kaleak hartu dituzte berriro, hirugarren larunbatez jarraian

70.000 pertsonak parte hartu dute Parisko martxan, eta antolatzaileek ibilbidea aldatu behar izan dute, Frantziako justiziak hala aginduta. Manifestazioak baketsuak izaten ari dira. Agintariek segurtasun dispositiboa indartu dute, Halloweeneko ospakizunen aitzakian istiluak sor daitezkeelako. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Hirugarren larunbatez jarraian, kalera atera dira Frantziako herritarrak bizimoduaren garestitzearen eta zerbitzu publikoak okertzearen kontra protesta egiteko. Oraingoan muga eta murrizketa ugari jarri dituzte agintariek, istiluen eta arpilatzeen beldur. Are gehiago, batzuek, gauean txikizioa eragiteko,  Halloweeneko ospakizunak baliatuko dituzten susmoa du Poliziak.  

Parisen, 70.000 pertsonak hartu dute parte manifestazioan, Parisko Prefeturaren arabera. Mobilizazioa erdigunetik urrun egin dute, hiriburuko ekialdean, Frantziako Estatu Kontseiluak Bastilla plazatik abiatu behar zena debekatu ostean. Goi erakundeak argudiatu du arpilatzeak eta liskarrak egoteko "arrisku handia" dagoela. Guztira, Frantzia osoan 320.000 manifestari izan direla jakinarazi du Barne Ministerioak. Antolatzaileen arabera, 500.000 lirateke. 

Frantziako agintarien arabera, 27 pertsona atxilotu dituzte (14:00ak arteko datua), aurreko asteburuan izandako 217 atxiloketetatik urrun. Barne Ministerioak nabarmendu duenez, deialdi gehienak baketsuak izaten ari dira eta egoera "lasaia dirudi". Halere, aldez aurretik ezarritako dispositibo bereziari eutsiko diote, badaezpada. 70.000 agente arituko dira lanean, eta etxeratze agindua ezarrita egongo da datozen bi gauetan Parisko Errepublika plazaren eta Les Halles inguruan. Bordelen, Marseillan eta Le Mans hirian ere ezarri dute neurria. 

Ikasleen sindikatuek iragarri dutenez, astelehenean itzuliko dira eskoletara, bi astez opor izan ostean. Asteartetik aurrera protestak berrantolatuko dituzte, eta azaroaren 5erako deituta dagoen greba orokorrerako giroa berotzen hasiko dira. 

Zenbait hiritan, liskar isolatuak sortu dira, baina ez aurreko bi hitzorduetan izandakoen tamainakoak. Parisen, Marseillan, Rennesen, Lyonen, Nantesen eta Tolosan negarra eragiteko gasa eta ur kainoiak erabili ditu Poliziak manifestariak sakabanatzeko.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X