Harrera jendetsua izan dute Gazan, Hamasek aske utzi dituen Israelgo lau emakume soldaduek
Al Qassam Hamasen talde armatuaren milizianoek Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte gaur Israelgo lau emakume soldaduak, 2023ko urriaren 7an bahituak. Ekitaldi jendetsua antolatu du Hamasek Gaza Hirian su-etenean adostutako bigarren trukeari ekiteko, eta telebistaz emititu dute prozesua.
Liri Albag, 19 urtekoa; eta Karina Ariev, Naama Levy eta Daniella Gilboa 20 urtekoak dira libre geratu direnak. Agam Berger soldaduak, berriz, Gazan jarraituko du.
Nahal Oz base militarrean zeuden guztiak, Gazatik kilometro batera, Hamasek bahitu zituenean.
Lau emakumeak, gurasoek lagunduta, helikoptero militar batean eraman dituzte ospitalera, bertan gainerako senitartekoekin batzeko, eta tratamendua jasotzeko.
Handik ordu gutxira Israelek 200 preso palestinar utzi ditu aske. Horietatik 114 Ramalara (Zisjordania) eraman dituzte kartzelatik, eta han harrera beroa egin diete. Beste 16 preso Khan Yunisera bideratu dituzte. Han, Gazako Europako Ospitalaren aurrean utzi dituzte libre. Gainerako 70 presoak arratsaldkeo lehen orduan heldu dira Rafahra, eta azterketa medikoa egin diete han, Egiptorako bidea hartu aurretik.
Askatu dituzten 120 palestinarrek biziarteko kartzela zigorra dute, eta beste 70k, berriz, zigor luzeak.
Preso Palestinarren Batzordeak (PPSMO) zehaztu duenez, biziarteko kartzela zigorra zuten presoetako 81 Hamasekoak dira, 23 Jihad Islamikokoak, 13 Fatahkoak, bi Palestinaren Askatasunerako Herri Frontekoak eta bat Palestina Askatzeko Fronte Demokratikokoa.
Askatuen zerrendan dago, gainera, Mohamed Ahmed Abdel Hamid Al Tus, Israelgo espetxe batean denbora gehien daraman preso palestinarra. 1985etik dago preso, eta 69 urte ditu.
Gainera, Hamas erresistentzia palestinarraren erakundeak Gazako Zerrendan geratzen diren gatibu bizien eta hildakoen zerrenda jakiera ematea espero du larunbat honetan, erakundeko kide batek EFE albiste agentziari baieztatu dionez.
Hamaseko iturri horrek ziurtatu duenez, "akordioa arazorik gabe gauzatzen bada" (gatibuen trukea), zerrenda Israelgo agintariei emango diete.
Datozen asteetan zenbat preso palestinar askatuko dituzten zehazteko balioko du zerrendak, gatibuen balioa aldatu egiten baita haien egoeraren arabera.
Gazan hasi zen su-etenaz geroztik, gatibu israeldarren eta preso palestinarren bigarren trukea izan da gaurkoa.
Joan den igandean, Hamasek hiru emakume eta Israelek 90 palestinar aske utzi zituzten. Egun horretan, Hamasek gatibuak askatu zituen arratsaldean, eta Israelgo agintariek preso palestinarrak aske utzi zituzten astelehen goizaldean, Ramala ondoko herri batean.
Israelek akordioa urratzea egotzi dio Hamasi, eta ez die Gaza iparraldera itzultzen utziko
Trukea martxan dagoen arren, Israelek su-etenerako akordioa urratzea egotzi dio Hamasi, emakume soldaduak askatu dituelako zibilak baino lehenago. Hori horrela, Arbel Yehud zibila askatu arte ez diela Gazako herritarrei iparraldera itzultzen utziko jakinarazi du.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri du Arbel Yehud zibila libre geratu arte, bertan behera egongo dela Zerrendaren iparraldera itzultzeko protokoloa.
"Hamasek huts egin du lehenik emakume zibil israeldarrak askatzeko betebeharrean", adierazi du Daniel hagari Armadaren bozeramaileak, bahituak Israelen sartu direla baieztatu ostean.
Horren berri izan eta berehala, Hamasek Israeli jakinarazi dio Yehud bizirik dagoela eta datorren larunbatean geratuko dela libre, Al Jazeera telebista-kateak zabaldu duenez.
Ostiral gauean, Hamasek lau emakume soldaduak askatuko zituela jakinarazi zuenean, Israelek desadostasuna agertu zuen, baina onartu egin zuen azken batean.
Israelek argudiatzen du emakume zibil israeldarrek lehentasuna izan behar zutela prozesu honetan, baina akordioari buruz publiko egin diren dokumentuetan ez da horrelakorik ageri.
Gazako su-eten akordioaren lehenengo fasean libre geratu behar diren 33 pertsonetatik, zazpi emakume geratzen ziren Gazako Zerrendan, bost soldadu (batek bahituta jarraitzen du) eta bi zibil.
Zibilak Shiri Silberman, 33 urtekoa, eta Arbel Yehud, 29koa, dira.
2023ko azaroan, Jihad Islamikoak jakinarazi zuen Silberman, Yarden Bibas senarrarekin eta 5 eta 2 urteko seme-alabekin bahitu zutena, Israelen eraso batean hil zela, baina Armadak ez du halakorik baieztatu.
Azken egunotan Israelgo prentsan jasotako txosten batzuen arabera, Yehud askatzeko presioa egiten ari zen Israel.
Senideek amore ez emateko eskatu diote Netanyahuri
Palestinako erresistentziaren eskuetan dauden gatibu israeldarren senideek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren Gobernuari eskatu diote eskuin muturreko gobernukideen presioen aurrean amore ez emateko eta su-etenaren fase guztiak errespetatzeko.
Bahituen Familien Foroak, gatibuen senideak biltzen dituen erakunde nagusiak, adierazi du erasoak berriz abiatzea "heriotza-zigorra" izango litzakeela askatu ezin dituztenentzat.
Senitartekoek Tel Avivera sartzeko errepide nagusia blokeatu dute gaur, eta akordioaren ahultasuna salatzeko pankartak zabaldu dituzte, Israelgo komunikabideek jaso dutenez.
Israelen erasoak Zisjordanian
Bitartean, asteartean martxan jarritako sarekadarekin aurrera jarraitzen du Israelek Yeninen (Zisjordania). Dagoeneko 14 palestinar hil eta 40 baino gehiago zauritu ditu Armada sionistak. Azken biak auto baten aurka egindako bonbardaketa batean hil dituzte, Qabatiyan, Yenin hegoaldean. Sionisten arabera, hildakoetako 10 milizianoak ziren, eta operazioan beste 20 atxilotu dituztela erantsi dute.
Asteartetik ibilgailu blindatuek eremuko sarrera guztiak blokeatuta dituzte (anbulantziei ere bidea mozten diete) eta frankotiratzaile israeldarrek, eraikin garaietan jarrita, oinezkoen joan-etorria eragozten dute.
Sarekadak gehien kaltetutako lekuetako bat Yeningo Gobernu Ospitalea da, Armada sionistak hainbat auzotan argindarra moztu ondoren, eta, gainera, erdigunera erregairik iristea eragozten ari da, Wafa albiste agentzia palestinarraren arabera.
Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Rafah "erabat suntsitu" dutela salatu du gaur, erakundeko lantalde batek iazko maiatzetik Gaza hegoaldeko hiria lehen aldiz zeharkatu ostean.
Zure interesekoa izan daiteke
Europako liderrek multilateralismoaren alde egin dute COP30en: "Gure erabakien eragina mundu osoan sentituko da"
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak salatu du banku handiek petrolio sektorea diruz laguntzen dutela eta Ukrainako gerrak erregai fosilen ustiaketa sustatu diuela.
Trumpek Hungarian bildu nahi du Putinekin, Orbanekin egon ostean esan duenez
Bestalde, Zelenskik esan du ez dakiela Trumpek zer esan nahi duen gatazkari amaiera emateko "urrats nabarmenak" ematen ari direla esaten duenean.
Teslaren akziodunek mila milioi dolar ordainduko dizkiote Muski. Baina, zenbat da hori?
Dirutza horrek marka guztiak hautsi ditu, eta Tesla enpresaren kontrola emango dio Muski.
Lau pertsona atxilotu dituzte Parisen, Israelgo Orkestra Filarmonikoaren kontzertu batean izandako istiluengatik
Lau pertsona atxilotu dituzte ostegun gauean Parisen, Israelgo Orkestra Filarmonikoaren kontzertu batean. Etenak, ikusleen arteko liskarrak eta bengala jaurtiketa izan dira auditoriumean.
Louvreko presidenteak artelan gehiago erosteko bere erabakia defendatu du
Laurence Des Cars Louvre museoko presidenteak adierazi duenez, Frantziako Kontu Auzitegia oker dago. Aste honetan argitaratutako txosten batean, segurtasunaren gainetik obrak erosteari lehentasuna ematea aurpegiratu dio museoari.
Pasaportean genero identitatea ezabatzea babestu du AEBko Auzitegi Gorenak
Horrela, aurrerantzean generoari dagokion laukian "X" hautatzeko aukera kendu eta jaiotzean esleitutako sexua markatu beharko da.
Frantziako Kontu Auzitegiak ebatzi du Louvrek nahiago izan duela artelanak erosi segurtasunean inbertitu baino
Louvre museoak erantzun du Kontu Auzitegiak ez dituela ezagutzen segurtasun arloan egindako ahaleginak. "Munduko museorik handiena eta bisitatuena denaren gaineko analisiak orekatua izateko epe luzekoa izan behar du", gaineratu du.
Belémek 57 lider batuko ditu multilateralismoaren krisian dagoen giroari buruz eztabaidatzeko
Ostegun eta ostiral honetan, munduko ordezkari nagusiek COP30 izango denaren bidea markatuko dute.
Hamar zauritu Frantziako Oleron uhartean, nahita egin omen den harrapaketa batean
Gizon bat atxilotu dute Oleron uhartean, Frantziako mendebaldeko kostaldearen parean, hainbat pertsona "nahita" harrapatu baititu. Arroxelako Fiskaltzak jakinarazi du ikerketa abiatu duela hilketa-saiakeragatik, eta terrorismoaren aurkako fiskaltzak ez duela kasua bere gain hartu "oraingoz".
Putinek proba nuklearrei berrekiteko aukera aztertzeko eskatu die gobernukideei
Donald Trumpek arma nuklearrekin probak egiteko aukera planteatu ostean iritsi da iragarpena. Errusiako presidenteak esan du bere herrialdeak zorrotz betetzen duela proba horiek ez egiteko politika, "beste herrialdeek gauza bera egiten duten bitartean".