Frantzisko aita santuak egonkor jarraitzen du, eta pixkanaka hobera egiten ari da
Frantzisko aita santuak 30 egun daramatza Erromako Gemelli ospitalean, bere arnasketa arazoak tarteko. Egonkor dago, eta pixkanaka hobera egiten ari da, larunbat honetan medikuek zabaldutako partearen arabera.
Hainbat egunez sendagileek ez dute parterik eman, baina gaur Vatikanoak ohar bat zabaldu du azalduz azken astean hobera egin duela. "Fluxu handiko terapiarekin jarraitzen du, eta horri esker gauetan ez du makinen bidez jasotako aireztapenaren hainbesterainoko beharrik", nabarmendu dute.
Dena den, partearen arabera, "garrantzitsua da oraindik ospitalean egotea, besteak beste fisioterapia behar duelako". "Tratamenduak mesede egin dio", erantsi dute.
Gaur bete dira 30 egun aldebiko penumoniagatik ospitaleratu zutenetik, eta azken egunetan ez dute aita santuaren osasun egoeraren berri eman, ez delako aparteko aldaketarik izan eta egonkor zegoelako.