Landak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Maltako zamaontzi batek hondoa jo du Landetako hondartza batean, ekaitzaren ondorioz

Atlantikoko itsas prefekturaren eta tokiko prentsaren arabera, gertakaria goizaldeko 1:00ak aldera izan da. Antza, 'Miro G' izeneko ontziak larrialdietarako ainguraketa galdu du olatu eta haize-bolada handien ondorioz.

Maltako bandera zeraman kargaontzi batek hondoa jo du goizaldean Landetako Lit-et-Mixe herriko hondartza batean, haize bortitzek kostaldera bultzatu ostean. Helikopteroan ebakuatu dituzte ontziko 22 marineletatik 19.

Atlantikoko itsas prefekturaren eta tokiko prentsaren arabera, gertakaria goizaldeko 1:00ak aldera izan da. Antza, 'Miro G' izeneko ontziak larrialdietarako ainguraketa galdu du olatu eta haize-bolada handien ondorioz.

Egoeraren aurrean, agintariek Bizkaiko Plana jarri dute martxan, Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetza-ekimena. Itsas zabaleko salbamendu-atoiontzi bat Bilbotik mugiarazi dute Landetara.

Kargaontziak 169 metroko luzera du eta Ruaneko portura, Frantzian, zihoan. Kostaldetik hiru itsas miliara (5,6 kilometro) zegoen maniobratzeko zailtasunak izaten hasi denean. Lehen informazioen arabera, hutsik zegoen eta ez zeraman merkantziarik.

Ebakuatutako 19 marinelak helikopteroz eraman dituzte Saint-Julien-en-Borneko larrialdietarako zentro batera. Tripulazioako gainerako hiru lagunak ontzian gertatu dira segurtasun-lanetan laguntzeko.

Agintariek beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu diote armadoreari, edozein arrisku ekiditeko eta istripuak ingurumenean eraginik ez izateko. Une honetan, zamaontzia hondartzatik ateratzeko lanak nola egin azterten ari dira agintariak. Hondartza itxi egin dute.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X