Yemen
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Irango Guardia Iraultzaileak ohartarazi du Iranen aurkako erasoei erantzungo diela, Trumpek abisua eman ostean

Donald Trumpek Yemengo huthien aurkako erasoa agindu zuen larunbatean, eta talde xiita horri babesa emateari uzteko eskatu zion Teherani. Hezbollahk eta milizia palestinarrek elkartasuna adierazi diete huthiei, eta erasoak gaitzetsi dituzte.
Errebelde hutien artxiboko irudia. EFE.
Errebelde hutien artxiboko irudia. EFE.

Irango Guardia Iraultzaileak igande honetan ohartarazi duenez, "modu suntsitzailean" erantzungo dio herrialdearen aurkako edozein erasori, Donald Trump AEBko presidenteak Yemengo huthien aurkako erasoa agindu eta Teherani talde xiita horri babesa emateari uzteko eskatu ostean.

"Arerio guztiei ohartarazten diet Iranen aurkako edozein mehatxuk erantzun gogor, erabakigarri eta suntsitzailea eragingo duela", esan du Hossein Salami Irango Guardia Iraultzaileko komandante buruak Urmia hirian, Mehr agentziak jakitera eman duenez.

Trumpek atzo iragarri bezala, AEBk Yemengo huthiei eraso zien, Itsaso Gorrian eta Arabian nabigazioaren aurka egindako erasoei erantzunez. Gutxienez 31 lagun hil eta ehundik gora zauritu dira eraso horietan. 

Hezbollahk elkartasuna adierazi die huthiei

Hezbollah talde libanoar xiitak "elkartasun osoa" adierazi die igande honetan matxino huthiei, AEBk Yemengo hainbat hiritan aire-erasoak egin ostean. Israelen aurkako "erresistentziaren ardatza" osatzen dute bi taldeek.  

"Gure elkartasun osoa adierazten diogu Yemen maite eta ausartari (...), eta munduko herri aske guztiei eta gure eskualdeko eta munduko erresistentzia-indar guztiei dei egiten diegu elkartzera, gure nazioaren herrien aurka abian den proiektu sionista estatubatuarrari aurre egiteko", esan du Hezbollahk ohar batean.

Horren esanetan, "Yemengo herri hauskaitzak, kausa palestinarraren eta Gaza setiatuaren alde epopeia heroikoak idatzi dituenak, ez du amore emango eraso koldar honen aurrean".

Milizia palestinarrek AEBren erasoa gaitzetsi dute

Gazako milizia palestinarrek, Hamas tartean, gaitzetsi egin dute AEBko Armadak larunbat honetan Yemengo hiriburuan, Sanan, huthi matxinoen aurka hasi duen eskala handiko erasoaldi berria.

"Gertatzen ari dena Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak Sanako etxebizitza-auzoen aurka egindako aireko eraso kriminala da", salatu du Hamasek, bonbardaketak "nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena" direla iritzita.

Sana agentzia palestinarraren arabera, Jihad Islamiarrak ere erasoak gaitzetsi ditu, eta "Yemenen jarrera ohoragarriarekin harro" agertu da, "Gazari, Palestinako herriari eta bere erresistentziari laguntzeko jarrera arabiar eta islamiarra erakusten duelako".

Herri Erresistentziaren Batzordeek gaineratu dutenez, "AEBren erasoa palestinar herriaren alde Yemengo herriak eta agintariek erakutsitako jarrera ausart eta jakintsuei erantzunez dator".

"Eraso honek ez du lortuko Yemengo herriaren borondatea haustea", erantsi dute.

Zure interesekoa izan daiteke

WASHINGTON (United States), 06/04/2026.- US President Donald Trump, along with Secretary of Defense Pete Hegseth (2-L), Chairman of the Joint Chiefs of Staff General Dan Caine (R), and CIA Director John Ratcliffe (L), briefs the media on Iran from the White House in Washington, DC, USA, 06 April 2026. EFE/EPA/JIM LO SCALZO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"

Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute bizia arriskuan jarri nahi.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X