Gutxienez 51 gazatar hil dituzte giza-laguntza banatzeko gune batean, Gaza hegoaldean
Gazako agintariek astearte honetan jakinarazi dute beste 51 gazatar hil dituztela Israelgo soldaduek tiroz, Gazako zerrendaren hegoaldean, Jan Yunisen, giza-laguntza banatzeko postu batean. Agintariek diote 200 zauritutik gora daudela, horietatik gutxienez 20, larri.
Israelek eta AEBek babestutako janari-banaketa hasi zenetik, tiroketak eguneroko ogi dira Israelgo armadaren partetik, eta azken gertakari horrekin, jada 400 pertsona hil dituzte modu horretan. Gaurkoa da laguntza humanitarioa emateko gune batean biktima kopuru handiena eragin duen erasoa.
Israelen eta Iranen arteko egoera gero eta gaiztoago dago. Gatazkaren bosgarren egunean, gaur goizaldean, leherketak izan dira Tel Aviven eta Jerusalemen, Irandik misilak jaurti baitira. Sirena-hotsa entzun dira herrialdeko hainbat gunetan, eta Israelgo Defentsa Indarrek baieztatu dute haien babes-sistemak hainbat jaurtigai geldiarazi dituela.
Israelgo armadak, berriz, adierazi du Ali Shadmani komandante militar irandarra hil duela Teheran erdialdean gauez egindako eraso batean
Tumpek baztertu egin du su-etena
Israelen eta Iranen arteko aurrez-aurrekoaren 5. egunean, su-etenaren aukera baztertu du Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak, eta horren ordez benetako amaiera edo amaiera erreala aldarrikatu.
Trumpek espero baino egun bat lehenago utzi du G7ko goi-bilera Kanadan, eta Segurtasun Nazionalerako Kontseilua deitu du eta gaurko agenda bertan behera utzi du.
Hala ere, AEBko presidenteak argitu du ez duela "zerikusirik" Israelen eta Iranen arteko su-eten batekin. Gauzak horrela, baztertu egin ditu Emmanuel Macron Frantziako presidentearen adierazpenak, azken honek esan baitzuen AEBko presidenteak su-eten proposamen bat bidaltzeko asmoa zuela.