BRICSek multilateralismoa babestu dute eta gerrak, zigorrak eta muga-zergak gaitzetsi dituzte
'Rio de Janeiroko Adierazpena' izeneko dokumentua adostu dute igande honetan Brasilgo hirian bildu diren garapen bidean dauden herrialdeen BRICS taldeko buruzagiek. Dokumentu horretan islatuta utzi dute "munduko hainbat tokitan gaur egun dauden gatazkengatik eta nazioarteko ordenaren polarizazio eta zatiketa egoeragatik" duten kezka.
BRICS taldean batzen diren eta garapen bidean dauden herrialdeek goi-bilera egin dute igande honetan Rio de Janeiron eta bertan adostu duten azken adierazpenak multilateralismoaren defentsa irmoa egiten du, eta, aldi berean, gerrak, zigorrak eta tresna politiko gisa erabilitako muga-zergak gaitzesten ditu.
Sinatzaileek "munduko hainbat tokitan gaur egun dauden gatazkengatik eta nazioarteko ordenaren polarizazio eta zatiketa egoeragatik kezkatuta" daudela adierazi dute, eta erantzun gisa "gai global erabakigarriei buruzko ikuspegi eta jarrera nazional desberdinak errespetatuko dituen alde anitzeko lanketa" proposatu dute.
"Nazioarteko komunitateari erronka horiei eta ondoriozko segurtasun mehatxuei gatazken potentziala murrizteko neurri politiko-diplomatikoekin erantzuteko deia egiten diogu, eta gatazkak prebenitzeko beharra nabarmentzen dugu, gatazken arrazoi sakonenei helduz", jarraitzen du testu ofizialak.
'Rio de Janeiroko Adierazpena' izeneko dokumentuak aipua egiten du NATOk berriki iragarritako gasta militarrerako BPGaren % 5eko igoerari, baina testuak ez dio AEBri aipurik egiten.
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak argi eta garbi kritikatu du neurri hori, goi-bilerari hasiera eman dion hitzaldian:
Azken dokumentuan, AEBk ekainean Iranen aurka egindako erasoak aipatzen dira eta "instalazio nuklear baketsuen" aurkako erasoen gaitzespena egiten da, baina ez da Washington aipatzen.
"Testuinguru horretan, eskualde-erronkei aurre egiteko ekimen diplomatikoei ematen diegun babesa berresten dugu, eta NBEko Segurtasun Kontseiluari gai horretaz arduratzeko eskatzen diogu", proposatu dute BRICSeko liderrek.
Israel Gazan egiten ari den erasoaldiari dagokionez, "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa guztiak" gaitzetsi dituzte, baita gosea gerra metodo gisa erabiltzea ere.
"Negoziazio berrietan fede onez parte hartzera gonbidatzen ditugu aldeak, berehalako su-eten iraunkor eta baldintzarik gabea, Gazako Zerrendan eta beste Okupatutako Lurralde Palestinarretan dauden indar israeldar guztiak erabat erretiratzea, Nazioarteko Zuzenbidearen aurka bahituta edo atxilo dauden guztiak askatzea, eta behartsuei laguntza humanitarioa ematea lortzeko", jarraitzen du.
Ekonomia eta zigorrak
Arlo ekonomikoan, komunikatuak Garapen Banku Berria aipatzen du, informalki BRICSen Bankua bezala ezagutzen dena, "hegoalde globalaren garapen eta modernizaziorako eragile sendo eta estrategikoa", eta nazioartean ordainketa sistema berri bat planteatzen du.
Arlo ekonomikoan adostu ez diren puntuetan nabarmentzekoa, moneta bakarra sortzearena edo dolarra nazioarteko merkataritzaren erreferente gisa hartzeari uztea. Donald Trump AEBko presidenteak urtarrilean ohartarazi zuen % 100eko muga-zerga ezarriko ziela proposamen hori onartzen dutenei.
Irani edo Errusiari bereziki eragiten dieten zigorrei dagokienez, BRICSek gaitzetsi egiten dute "Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako alde bakarreko neurri hertsatzaileak ezartzea", "ondorio negatiboak" dituztelako. Taldeko inork ez du "zigorrik ezartzen edo babesten NBEko Segurtasun Kontseiluak baimendu ez badu".
Testuak adimen artifizialari eta klima aldaketari buruzko erregulazioaren kudeaketa multilaterala eskatzen du, herrialde pobreentzako finantzaketa neurriekin eta berotegi efektuko gasen emisioak kontrolatzeko pizgarriekin. Hala ere, dokumentuaren arabera, "erregai fosilek oraindik paper garrantzitsua dute munduko energia matrizean, bereziki gorabidean dauden merkatuetan eta garapen bidean dauden ekonomietan".
"Baieztatzen dugu BRICSen arteko eta horien bidezko lankidetza funtsezkoa dela etorkizun jasangarri baterantz eta guztiontzako justua eta ekitatiboa izango den trantsiziorantz ahalegin globalean aurrera egiteko", nabarmendu dute.
NBEko Segurtasun Kontseiluaren erreforma
NBEren Segurtasun Kontseiluaren erreforma proposamenari babesa emateko zituzten desadostasunak gainditu dituzte eta, aho batez hala onartuta, goi-bileraren amaierako adierazpenean sartu da puntu hori. "Nazio Batuen erreforma integral baten alde gaudela berresten dugu, Segurtasun Kontseilua barne, demokratikoagoa, ordezkagarriagoa, eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin", dio dokumentuak.
Apiriletik zetozen kontu honen gaineko korapiloak, taldeko kantzilerren bileratik, orduan jarri baitzuten gaia mahai gainean Errusiak eta Txinak, BRICSetatik Segurtasun Kontseiluan eserleku iraunkorra duten herrialde bakarrak izanik.
Orduan, bi potentziek eskatu zuten Brasilek eta Indiak zeregin nagusiagoa izan zezatela erabaki globaletan eta NBEren erabakietan, bereziki Segurtasun Kontseiluan, baina ez zuten eskaera horretan Hegoafrika sartu, Egiptok eta Etiopiak agertutako desadostasunengatik; izan ere, azken bi nazio horiek Segurtasun Kontseiluaren erreformari buruzko jarrera bateratuaren alde dauden arren, errefusatu egiten dute Afrikako herrialde bakarrak edukitzea lehentasunezko tratua, ordezkaritza bidezkoagoa eskatzen baitute.
NBEren eta Segurtasun Kontseiluaren erreformaren alde hitz egin du Lula da Silvak goi-bileraren hasieran. Ohartarazi duenez, gaia atzeratzen jarraitzeak ezegonkortasun globalari laguntzen dio eta mundua "ezegonkorrago eta arriskutsuago" uzten du.
Agintariaren arabera, mekanismo "arkaiko eta baztertzailea" mantentzeak gizateriari eragiten dioten krisi larriei aurre egitea eragozten du.
Zentzu berean mintzatu da Narendra Modi Indiako lehen ministroa, eta esan duenez munduak "ordena multipolar eta inklusibo berri bat" behar du, zeina "erakunde globaletan erreforma zabalak egitetik" hasi behar baiten.
NBEren mekanismo nagusiaren erreformari dagokionez BRICSen adostasuna lortzeko zailtasunek agerian utzi dituzte foroaren baitan dauden errealitate soziopolitiko eta ekonomiko desberdinak, taldea handitzearekin bat are konplexuago bihurtu zen mataza.
Taldea Brasil, Errusia, India, Txinak sortu zuten, gero Hegoafrika sartu zen, eta iaztik sei kide oso berri ditu: Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak, Etiopia, Saudi Arabia eta Indonesia.
Zure interesekoa izan daiteke
5,9 graduko lurrikara batek Tokio astindu du
Richter eskalan 5,9 graduko indarra izan duen lurrikara batek Japoniako ekialdea astindu du igande goizaldean, bereziki Tokio eskualdea. 30 pertsona zauritu dira eta tren-zerbitzu batzuetan etenaldiak egin dituzte. Japoniako Meteorologia Agentziak (JMA) baztertu egin du tsunami arriskua.
Auzitegi federal batek baliogabetu egin du Trumpek 75 herrialderi bisak emateko jarritako debekua
Neurria urtarrilean sartu zen indarrean, AEBetako Gobernuaren arabera, etorkin horiek "Estatuarentzat karga bat bihurtzeko arriskua" zegoelako.
Errusiaren eta Ukrainaren arteko erasoek jarraitzen dute, gatazka hasi zenetik lau urte eta erdi igaro direnean
Hogei pertsona baino gehiago hil dira azken orduetan bi herrialdeetan droneak eta jaurtigaiak erabiliz egindako erasoetan.
Zer dago Ukrainaren gerra-estrategia aldaketaren atzean? Eskala handiko erasoak, herritarrengan eragiteko
Hilabeteak dira Ukrainan gerra fronteak aurrerapen handirik gabe diharduela. Horren ordez, maizagoak dira aire bidezko erasoak Errrusiako azpiegitura garrantzitsuen kontra. Olga Tarnovska Kieven bizi den analistarekin eta Albert Sort Moskun bizi den kazetariarekin aztertu du gaia ETBk.
AEBk eta Kanadak ez dute merkataritza-akordiorik lortu, eta % 50eko muga-zergak mantenduko dira
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Kanadako ibilgailuen gaineko muga-zergak % 15era eta altzairu eta aluminioarenak % 25era murriztea onartu bazuen ere, larunbat honetan % 50eko kargak sartu dira indarrean.
Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan
Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.
Sussexeko dukeak, Harry eta Meghan, Erresuma Batura itzuliko dira, baina Errege Etxetik kanpo jarraituko dute
Sussexeko dukeek, Harryk eta Meghanek, Erresuma Batura itzultzea erabaki dute, eta han matrikulatu dituzte bi seme-alabak, Archie eta Lilibet, oraindik identifikatu gabeko ikastetxe batean. Bikoteak Errege Etxetik urrun jarraituko du eta Londrestik kanpo biziko da, hedabide britainiarren arabera.
Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Gutxienez 107 pertsona hil dira urre-meategi bat hondoratuta Afrika Erdiko Errepublikan
Ustiategi irregularra Kamerungo mugatik gertu dago. Tokiko agintariek ohartarazi dute biktima kopuruak gora egingo duela erreskate-lanetarako baliabide urriak direla eta.
Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.