Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.
Eutanasia legea Asanblea Nazionalean bozkatu zen eguneko irudia. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eutanasia eta heriotza lagunduari buruzko legea promulgatu du asteazken honetan, eta ondorioz lege testua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da. Dena den, oraindik ez dago indarrean eta hemendik aurrera dekretu bidez garatu beharko da.
Pasa den uztailaren 15ean onartu zuen eutanasiari buruzko legea Asanblada Nazionalak eta pasa den ostiralean Frantziako Konstituzio Kontseiluak argi berdea eman zion, erreparo batzuekin bada ere. Hortaz, legeak bere bidea bukatu du.
Testuak "hiltzen laguntzeko" eskubidea jasotzen du. Horren arabera, gaixoari bere bizitzarekin amaituko duen medikazioa hartzeko aukera emango zaio; fisikoki horretarako gaitasunik ez duenean, mediku bat edo erizain bat arduratuko da horretaz.
Hala ere, hainbat baldintza bete beharko dituzte, besteak beste: adinez nagusi izatea, Frantziako herritartasuna izatea edo herrialdean modu iraunkor eta legalean bizitzea; bizia arriskuan jartzen duen gaixotasun larri eta sendaezina izatea; fase terminalean edo aurreratuan egotea eta inolako tratamendurekin edo zainketa aringarriekin arindu ezin daitekeen sufrimendu fisikoa izatea.
Legeak, halaber, protokolo zehatz bat ezartzen du prozesu osorako. Protokolo horren arabera, mediku bakar bat arduratuko da eutanasia aplikatzeaz, baina profesional gehiagok erabakiko dute baldintzak betetzen dituen ala ez.