Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Ukrainako gerra amaitzetik urrun dagoela dirudi ia lau urte eta erdi geroago. Errusiako Armadak gutxienez 15 pertsona hil eta beste 39 zauritu ditu ostegun honetan Kieven (Ukraina) aurka egindako eraso masibo batean. Hala baieztatu dute Vitali Klichko Kieveko alkateak eta Estatuko Larrialdi Zerbitzuek.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan salatu duenez, errusiarrek "aspaldi prestatzen ari ziren" eraso masiboa egin dute, eta munizio balistikoa, misilak eta droneak konbinatu dituzte, "azpiegitura zibilari ahalik eta kalte handiena egiteko asmoz".
Zelenskik zabaldutako informazioaren arabera, hainbat etxebizitza eraikin, haur ospitale bat eta eskola bat suntsituta gelditu dira.
Gainera, Odesa eskualdean, Errusiak dronez eraso egin dio Moldaviarekin muga egiten duen postu bati, eta gas azpiegitura bati.