Netanyahuk Gazako hiriaren inbasio militarra aurreratzeko agindu du, baina datarik eman gabe
Israelgo Armadako bozeramailearen esanetan, hiriko sarrerak kontrolatzen dituzte eta inguruko auzoetan indarrak pilatu dituzte.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak tropek Gaza inbaditu aurreko prestaketa-epea "laburtzea" agindu du asteazken honetan.
Testu labur batean, Hamasi zein desplazatzera behartuta dauden palestinarrei presioa egiteko maniobra bati erantzun liezaioke, eta ez du balizko datarik zehaztu.
Israelgo Armadak ere ez du horri buruzko aipamenik egin. Hala ere, gaineratu du gaur Gazako hiriburuko auzo batzuetan "aurretiazko operazioak" hasi direla.
Effie Defrin Israelgo Armadako bozeramaileak gaur online egindako agerraldian esan duenez, "Armadak Gaza hiriko sarrerak kontrolatzen ditu dagoeneko", eta indarrak pilatuta daude Zeitun auzo periferikoan eta Yabalian (Gaza hiriaren iparraldean).
Iturri gazatarren arabera, erasoak eta bonbardaketak areagotu egin dira bi puntu horietan, baita etxebizitzen eraispenak ere. Gainera, Armadak 60.000 erreserbista deitu ditu, Defentsaren ohar baten arabera.
2023ko urritik, 62.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek 22 hilabeteko erasoaldian, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera; nolanahi ere, kopuru hori askoz handiagoa izan daiteke.