Poloniako agintariek salatu dute drone militar bat erori dela herrialdearen ekialdean
Defentsa Ministerioak oraindik ezin izan du zehaztu muga zeharkatzea hanka-sartzea izan ote zen edo sabotaje ekintza bat egiteko erabili zuten.
Dronea arto-zelai batean erori da, Poloniako ekialdean. Argazkia: EFE
Poloniako Defentsa Ministerioak asteazken honetan salatu duenez, drone militar bat erori da goizaldean Osiny herrian dagoen arto-zelai batean, Lublin hiritik gertu, herrialdearen ekialdean, Ukrainako mugatik 75 kilometrora. Agintariek ezin izan dute zehaztu muga zeharkatzea hanka-sartzea izan ote zen edo sabotaje ekintza bat egiteko erabili zuten.
Lublin barrutiko fiskaltzako Grzegorz Trusiewicz fiskalak prentsaurrekoan adierazi duenez, drone militarra zen, lehergailu kopuru txiki bat zeraman, eta baztertu egin du aparatu zibil bat edo kontrabandistek erabilitakoa izatea.
Fiskalak adierazi duenez, litekeena da droneak linea elektrikoarekin talka egin izana, eta horrek eragin omen zuen leherketa; horren ondorioz, inguruko hainbat etxebizitzatan kristalak apurtu ziren.
Trusiewiczek ez du baztertzen dronea inguruko herrialde batetik sartu izana, nahiz eta Poloniako Komando Operatiboak gaur goizean baieztatu duen bere radar sistemek ez zutela aire-espazioaren urraketarik izan atzo.