Nord Stream gasbidearen sabotajeagatik Italian atxilotutako ukrainarrak Alemaniara estraditatzea errefusatu du
Susmagarria Riminitik gertu dagoen San Clementen atxilotu zuten, bertan oporretan zegoela. Argazkia: Europa Press
Nord Stream gasbide errusiarraren sabotajean ustez parte hartzeagatik Italian atxilotutako ukrainarrak errefusatu egin du Alemaniara bere borondatez estraditatzea.
Boloniako Apelazio Auzitegian egindako adierazpen labur batean, akusatuak ez du onartu aukera hori, eta Alemaniako justiziak egozten dizkion delituak ukatu ditu, tokiko hedabideen esanetan. Jarraian, epaileak berretsi egin du Riminiko espetxean preso jarraitzeko erabakia (atzotik dago bertan), eta irailaren 3rako audientzia deitu du, Alemaniara entregatzea eztabaidatzeko, aipatu iturrien arabera.
Sergui K., 49 urteko ukrainarra, ostegunean atxilotu zuten Italian, San Clemente herriko hotel batean familiarekin opor egun batzuk pasatzen ari zela, Italiako Poliziak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Alemaniako Fiskaltza haren bila ari zen, 2022ko irailean Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan lehergailuak jarri zituen pertsona talde bateko kide zela uste baitzuen.
Inolako erresistentziarik gabe egin zuten atxiloketa hau kasu honekin lotutako lehena izan da.